Trinitate jaiak

Trinitate Eguna ospatu dute Mendaron, izen bereko baselizaren inguruan

Barren 2025ko eka. 15a, 19:32

Trinitate Eguna ospatu dute gaur Mendaron, eta lanbrotsu esnatu bada ere eguna, jendetza handia batu da Trinitate baseliza ingurura. 

Barikuan hasi zituzten Trinitate jaiak Mendaron, Bizi Poza txarangakoen kalejirarekin, eta atzo, altxatu zuten ikurrina eta guztiko arbola-enborra, baseliza aurrean, gaurko egun handirako prestatzeko. Gaur, txistularien kalejirarekin hasi dituzte Trinitate Eguneko ospakizunak. Azkoitiko eta Mendaroko txistulariak kalez kale ibili dira, 10:00etan hasita, eta 11:30erako hasi da jendea baselizara inguratzen, ordu horretarako iragarria baitzuten meza. Elizkizunean, Ameikutz musika eskolako abesbatzak eta elizako abesbatzak parte hartu dute. Mendarokoekin batera Itziarko abesbatzakoak ere aritu dira azken horretan.

Ondoren, meza ondorenean, herri-kirol erakustaldia izan dute. Txistulariek pare bat kantu interpretatu dituzte aurrena, eta herriko trikitilari gazteak igo dira gero oholtzara, haiei erreleboa egiteko. Plazan, hiru kirolari batu dituzte. Ugaitz Mugertza eta Eneko Otaño aizkolariak eta Udane Ostolaza harri-jasotzailea. Ostolazak ekin dio lanari. 62,5 kiloko zilindroari hamabost jasoaldi eman dizkio minutu bat eta hogeita zazpi segundotan. Bigarren lanean, kana erdiko enbor bat zeinek azkarrago ebagi jokatu dute Mugertzak eta Otañok. Minutu bat eta hogeita bi segundo behar izan ditu Mugertzak eta minutu bat eta hogeita bederatzi segundu Otañok. Aizkorako lan horren ondoren, Ostolaza harri -jasotzailea sartu da berriro plazara eta 50 kiloko harri kubikoari hamabi jasoaldi eman dizkio minutu eta hamasei segundoan. Ondoren, lan luzeari ekin diote berriro aizkolariek. Hirurogei ontzako sei enbor eta kana erdiko bat ebagi behar izan dituzte, eta Otaño izan da egin beharreko lana amaitzen lehenengoa, 19:33 segundoko denborarekin. Lau segundo gehiago behar izan ditu mutrikuarrak. Guztira, hala ere, bi saioen denborak batuta, Mugertza mutrikuarra gailendu da. Saioari bukaera, berriz, Ostolazak eman dio, 50 kiloko bolarekin agurra eginez. Unai Algarabel ortuellarrak egin ditu aurkezpen-lanak. 

Herri-kirol saioaren ondoren, Jare Egea, Garazi Ulazia, Elene Goikoetxea eta Irantzu Agirregabiria herriko trikitilariak igo dira berriro oholtzara. Jai-batzordekoek txosna jarri dute, ohi legez, eta jai-giroak Mendarozabalgo tabernetan izan du gero jarraipena. Arg.:Jabi Leon eta BARREN.