Joan zen urtarrilaren 9an, Gipuzkoako Foru Aldundiko ahaldun nagusi Eider Mendoza eta Errepideetako diputatu Felix Urkolarekin bilera izan zuten Mendaroko Udaleko ordezkariek, Gipuzkoako Foru Aldundia lantzen ari den Errepideetako Zarataren Aurkako Plana gai hartuta. Enetz Ezenarro Mendaroko alkateak azaldu zien alegazioak egin zizkietela Udaletik plan horri duela urte batzuk egindako neurketetan oinarrituta, baina alegazio horiek atzera bota zituela Aldundiak, Mendarokoa lehentasunezko leku ez zela kontsideratzen arrazoituta. Bilera hartan, AP-8 autobidearen inguruetan kokatutako etxebizitzak Aldundiak berak azaldutako kasu partikularren azterketan aintzat hartzeko eskatu zien alkateak, bai eta egoera zuzentzeko beharrezko ziren neurriak hartzeko ere.
Orain, Azpilgoetako hilerrirako bidearen eta AP-8 autobidearen artean zuhaitzak landatu dituzte, hazi ahala pantaila bat sortu dezaten, ibilgailuek sortzen duten kutsadura eta zarata murrizteko eta autobideak paisaian duen inpaktu bisuala murrizteko.
Udaletik jakinarazi dute zuhaitz landaketa hori Gipuzkoako Foru Aldundiaren baimenarekin egin dutela eta harekin koordinatuta. Landatu dituzten arbolak gurbitzak, sagarrondo makatzak, elorri zuriak eta gerezi txikiak direla zehaztu dute.