Bi kilometro egin behar zituzten Terradetseko urtegian igerian, 118 kilometro pasa gero bizikletan, maldan gora gehienak (2.868 metroko desnibel positiboa), eta 21 kilometroko trailarekin osatu proba. Hogeita bi lehiakide ziren guztira, eta hirugarren eginda, aho zapore gozoarekin itzuli da Iraitz Ferreira Lleidako Piriniotatik. Lasterketak badu berezitasun bat: parte-hartzaileek laguntzaile bat eraman behar dute ondoan derrigor eta Alain Zulaika kuadrillakideak bete zuen egiteko hori Ferreiraren kasuan. “Eta ezer baino lehen, eta ahaztu gabe, eskerrak eman nahiko nizkioke Alaini. Dena eman zuen nik nire onena eman nezan, eta ezinbestekoa izan zitzaidan bere laguntza hori”.
Lleidara joan aurretik ere bazekien Iraitzek zeintzuk zituen ahulguneak eta indarguneak. “Bizikletarako ikusten nuen nire burua estuen, eta beraz, saiatu behar nintzen igerian eta korrika irabazten denbora”. Terradetseko urtegian igeri-saioa osatuta, lehenengo postuan iritsi zen Ferreira bizikleta hartu beharreko lekura, eta aitortu du asko sufritu zuela, bereziki 78. Kilometrotik 118 kilometrora arteko malda pikoetan. 90.kilometroa zuenean harrapatu zuen bigarren zetorrenak, eta zortzi bat geroago hartu zion aurrea beste batek. Traila hasi behar zuten lekura, laugarren postuan iritsi zen, baina adoretu zuen Alain Zulaika lagunak, gogoraraziz korrikarako dituen dohaiak. Mendian zazpi bat kilometro korrika eginak zituenean harrapatu zuen sailkapen nagusian hirugarren zihoana, baina bestelako erreferentziarik gabe egin zuen biderik gehiena. “Ez nekien bigarrena non zihoan ere. Lagunak ere hor ibili ziren GPSari adi, baina erreferentziarik lortu ezinda, eta itsuan egin nituen kilometro gehienak. Sentsazio onekin nindoan, baina, eta azkenean hirugarren iritsi nintzen helmugara, bigarren egin zuenarengandik bost bat minutura. Bizikletan hamasei bat minutu kendu zizkidan bigarren egin zuenak, baina azkenerako aldea murriztea lortu nuen; beraz, pozik”.
Egindakoarekin gustura itzuli da etxera Ferreira. “Eginda neukan ironman bat aurretik, baina orduan izugarri sufritu nuen, tripetatik. Oraingoan, baina, gorputzak ondo erantzun dit, eta sentsazio onak izan ditut proba guztian zehar, sufritu arren”. Orain, hurrengo, Zarauzko triatloia egin nahi luke. “Zain nago bihar dortsala ematen didaten. Dena den, Zarautzera beste espektatiba batzuekin joango naiz, lasaiago”.
Argazkia: Miren Bihotza Artola