Arrakastatsua izan da Mendaroko estreinako Mendi Eguna

Barren 2025ko mai. 31a, 21:04

150 lagun baino gehiagok parte hartu dute Arno guraso elkarteak, Lizarpe Mendi Klubak eta Mendaroko Udalak elkarlanean antolatu dute estreinako Mendi Egunean.

08:30ean irten dira Aranerrekako Itzulia (PR-GI-218) egitera irten diren mendizaleak. 42 lagun batu dira irteeran eta Arno guraso elkartearen mendi taldeko Jon Larrañagaren azalpenak entzun dituzte lehenengo Herriko Enparantzan, Kilimon sareko bi ibilbideen inguruko informazio-panelaren aurrean. Kilimon Trail mendi lasterketa luzearen parekoa da Aranerrekako Itzulia, 21 kilometrokoa, baina gaur 17 kilometrora moztu dute antolatzaileek. Lizarrolara arteko bidea errepidez egin dute eta handik Larraskandara igo dira, Otarretik bueltan Erentzarantz hartzeko. Usabietako zuloan batu dira ordubete atzetik abiatu diren taldekoekin. Izan ere, 09:30ean abiatu dira plazatik Garaluzeko Itzulia egitera batu direnak (PR-GI-217, Kilimon Trail lasterketa motzaren ibilbidea). Ehun lagunetik gora elkartu dira plazan ordu horretan, haurrak eta gurasoak gehienak. 4 urte bete gabe zituen gaur itzulira batu den gazteenak eta 84 urte eginak edadetuenak, Txitxibilaldiak taldeko Paula Pelaz elgoibartarrak. Keretxudian gora abiatu dira guztiak, nor bere erritmora. Usabietako zuloak batu dira luzeko azkenak, eta motzeko lehenengoak, eta Lizarpen geldialdia egin dute guztiek, hantxe zutelako jarria antolatzaileek anoa postua. Hara orduko,baina,  Gaintxipia tontorra egin dute luzekoek, bai eta motzera batu den bakarren batek ere. Handik aurrerakoa elkarrekin egin dute mendizaleek, tropel luzea osatuz Karaluzerantz. 

Plazara iritsi direnerako antolatzaileek prest zituzten mahaiak eta aulkiak frontoian, eta 14:30ean bazkaritara batu dira 125 bat lagun. Bazkalostean, urtean zehar Arnoren mendi-irteeretan parte hartu duten umeei kamiseta bana oparitu diete, eta lepokoa ere bai, finen ibili direnei. Ondoren, Lizarpe Mendi Klubeko kide Maite Maiorak guraso elkarteak, Kilimon Trail lasterketaren antolatzaileek eta Maioraren babesle Vibramek emandako opariak zozkatu dituzte bazkaltzen egon diren guztien artean. Bazkalostean, buruhandiekin korrika jardun dira gaztetxoenak, eta Txola ta Potxolak girotu dute hortik aurrerakoa.