House, electro eta techno musikaren plaza bihurtuko da gaur Mendaroko Santakruzko parkea

Barren 2025ko mai. 23a, 13:57

Dena prest dute Mendaron estreinako Alternative Forest jaialdirako. Gaur eta bihar egingo dute, Santakruzko parkean, naturaren erdian eta herrigunetik aldenduta, eta antolatzaileek garraio-zerbitzua ere jarriko dute plazatik, joan-etorrietarako. 

Sarrerak salgai daude Interneten, bai eta ondorengo establezimenduetan ere: Martin taberna (Ermua), Bodega Eibar (Eibar), Mahats ardandegia (Elgoibar), Morroskillo estankoa (Mendaro) eta Buruzuri taberna (Deba). Bi egunetarako sarrerak 50 euroan jarri dituzte salgai (Interneten, 53,04), baina egun bakoitzerakoa hartzea ere badago, eta denetan dago garraioa sartuta. Gaurko sarrerak 28 euro balio ditu eta biharkoak 35 euro (Internetez, 28,56 eta 35,70, hurrenez hurren). 

Alternative Division kultur elkarteak antolatu du jaialdia, Udalaren laguntzarekin, eta aurreratu dute guztira hamahiru DJ arituko direla musika jartzen. Gaur, barikua, 18:00etan zabalduko dute jai-gunea, eta 05:00etan itxi, eta bihar, berriz, 16:00etatik 06:00ak arteko iraupena izango du jaialdiak. Igoko direnen gose-egarriak asetzeko foodtruck zerbitzua ere jarriko dute, eta karpa bat ere bai, babeserako. Kalean, bihar, disko azoka ere jarriko dute, 11:00etatik 14:00etara. Frontoian izango da hori.