Alternative Forest jaialdia hartuko du Mendarok maiatzeko laugarren asteburuan

Barren 2025ko mai. 16a, 16:20

Maiatzaren 23an eta 24an musika elektronikoa maite dutenen gune bihurtuko da Mendaron Santa Kurutzeko parkea, han ospatuko baitute, naturaren erdian eta herrigunetik aldenduta, Alternative Forest jaialdia. 

Elgoibarko Alternative Division elkarte kulturalak antolatu du, Mendaroko Udalaren laguntzarekin, eta bi egunetan hamahiru DJ ariko dira bertan house, electro eta techno musika jartzen.

Barikuan, maiatzaren 23an, 18:00etan zabalduko dute jai-gunea eta goizaldeko bostetan itxi, eta biharamunean, 16:00etatik goizaldeko seirak arte ariko dira musika jartzen. Zapatu goizean, Binilo Azoka egongo da Goñati frontoian.

Joan-etorrietarako furgonetak jarriko dituzte bi egunetan Mendarotik bertatik: jaialdia hasten den ordutik 00:00etara, zerbitzu osoan, igo nahiz jaisteko alegia, eta gauerditik 06:00ak arte, Santa Kurutzetik herrira jaisteko bakarrik. Autobuserako txartela jaialdirako sarreran sartuta dago.

Sarrerak, berriz, Interneten nahiz ondorengo establezimenduetan daude salgai: Martin tabernan (Ermua); Bodega Eibarren (Eibar), Mahatsen (Elgoibar), Morroskillon (Mendaro) eta Buruzurin (Deba). Antolatzaileek jakinarazi dute karpa jarriko dutela Santa Kurutzen eta Foodtruck zerbitzua ere egongo dela. Era berean, zapatuan, 11:00etatik 14:00etara, disko azoka ere jarriko dute Mendaron, frontoian.