Euskaraldia

Txupinazoarekin hasi duten Mendaron Euskaraldia ariketa

Barren 2025ko mai. 16a, 15:26

Herriko Enparantzan batuta hasi zuten ofizialki atzo Euskaraldia ariketa, Mendaron.

19:00etarako Herriko Enparantzan elkartzeko deia egina zuten atzorako Mendaroko Udalak, Arno guraso elkarteak eta In Leike kultur elkarteak, Euskaraldia ariketa masiboa elkarrekin hasteko. Txupinazoa bota eta Bulegok sortutako  'Gure bihotzaren taupadak' kantuarekin dantza egitea zen plana, eta erantzun zuten herritarrek. Txupinazoa Enetz Ezenarro alkateak bota zuen, baina bota aurretik Euskaraldia zertan datzan azaldu zuen. Ariketa bera azaldu ondoren, alkateak nabarmendu zuen euskara dela euskaldun eta herri egiten gaituena, eta parte hartzera deitu zituen herritarrak. Mendaro herri euskalduna izan dela azpimarratu zuen eta gonbidatu zituen gaur arte euskara ikasteko modurik izan ez dutenak euskara ikastera, esanez asko dela euskara ez jakitzeagatik galtzen ari direna eta Udala laguntzeko prest izango dutela bidean, eta zoriondu zituen ahalegin hori egin eta euskaraz bizitzeko hautua egin dutenak. Eta gehitu zuen:  "Zoriondu, eta bihotzez eskerrak eman, zuek zaretelako gaur egun dagoen egoerarekin Mendaro bezalako herri baten nortasuna aurrera begira bere horretan mantentzeko aukera emango dutenak. Mendaro beti herri euskalduna izan da, eta aurrerantzean, zuei esker bereziki, euskalduna izaten jarraituko du. Gora zuek eta gora Mendaro euskalduna!"