Mattin Aiestaranek, Irulegiko aztarnategiaren zuzendariak, hasiko du barikuan Mendaron arkeologia zikloa

Barren 2025ko mai. 13a, 16:59

Mattin Aiestaran Irulegiko aztarnategiaren zuzendaria. Arg: Aitor Arroyo/ ataria.eus

Arkeologiari buruzko hiru hitzalditako zikloa antolatu dute Mendaron Suharri kultur elkarteak eta Euskal Herriko Unibertsitateak Udalaren laguntzarekin, eta barikuan izango da zikloko lehenengo hitzaldia.

Mattin Aiestaran de la Sotilla izango da zikloko lehen gonbidatua (Tolosa, Gipuzkoa, 1991), Irulegiko aztarnategiaren zuzendaria 2017. urtetik, eta Bidaia arkeologiko bat Baskoien mundura: Irulegiko herrixkatik da emango duen hitzaldiaren izenburua.

Nafarroako Irulegi herrian (Aranguren Ibarra) egiten ari diren indusketen esparruan aurkitu zuten eskua 2021. urteko ekainean, eta “Sorioneku” (zori onekoa) izan zen deszifratu ahal izan zuten bost hitzetatik lehena. Nafarroako Gobernuak 2022ko azaroan eman zuen aurkikuntzaren berri.

Irulegiko Eskua moduan ezagutzen denak euskal kulturan, baina, batez ere, euskal herritarrengan izan zuen eraginaren inguruan berba egingo du Aiestaranek Mendaron. Udaletxeko udalbatza aretoan izango da hitzaldia, 19:00etan.

Hurrengo hitzaldiak

Maiatzaren 23an izango da hurrengo hitzaldia: Novedades en la investigación del Megalitismo en el Cantábrico oriental: análisis del territorio de Bizkaia eta Juan Carlos Lopez arkeologoak emango du. Historiaurrean lizentziatua da Lopez Kantabriako Unibertsitatean, eta ikerketako hiru kolektibo independentetako kidea da: AGIRI Arkeologia Elkartea, Estratigrafia Analitikoko Zirkulua eta Bilakaera Kulturalerako Euskal Saharar Elkartea. Duela 25 urtetik arkeologo profesional autonomo gisa lan egiten du, batez ere Historiaurreko Arkeologiaren arloan.

Maiatzaren 30ean, berriz, Nola aldatzen diren gauzak: La llegada de Roma a la costa hitzaldia emango du Jagoba Hidalgo EHUko ikertzaileak.