Queenen kantuekin dantzan jarri du Elgoibarko Musika Bandak Mendaro

Barren 2025ko mai. 10a, 10:27

Osagai guztiak zituen kontzertu handia izateko eta halaxe izan zen Elgoibarko Udal Musika Bandak Jon Gurrutxaga, Patxi Zabaleta eta Andoni Mujika musikariek lagunduta atzo Mendaron eman zuen 'Queen gaua' emanaldia.

22:00etarako zuen iragarria kontzertua Mesa 7 kultur elkarteak, eta zerura begira igaro zuten eguna antolatzaileek eta beste musikazale askok, euria emana zegoelako. Euri langarra goizean, eta aldian behingo ekaitzak arratsalde-iluntze parterako, baina egun osoa aterkipean eman bagenuen ere, atertu zuen kontzertua hasteko unerako eta, kontzertuak iraun zuen denboran, ez zen aterki beharrik izan.

Esandako orduan hasi zen kontzertua. Ikus-entzuleen artean herrikoak asko, eta kanpotik etorritakoak beste asko. Elgoibarren duela bi urte kontzertua ikusi eta orduan bizitakoak berritzeko asmoz asko eta asko. Gau handietako giroa arnas zitekeen Herriko Enparantzan, eta hasi zuten kontzertua oholtzakoek I want it all kantuarekin. Haren jarraian etorri ziren talde britainiarraren beste dozenatik gora kantu ezagun, hamasei zerrendakoak eta propinako beste bi, publikoak gehiago eta gehiago nahi zuelako: Under Pressure; Don't Stop me now; Who wants to live forever; Bohemian rhapsody; Another one bites the dust; Innuendo; Somebody to love; Crazy little thing called love; I want to break free; The show must go on; We will rock yo; Tie your mother down; Radio ga ga, eta Aspanogi elkartaren zapi laranjak jantzita jo zuten We are the Champions izan ziren bandak atzorako apartatu zituen kantuak, baina esan bezala, bi pieza gehiago ere eman zituzten, denak ezagunak eta denak apartekoak. Don't stop me now eta Tie your mother down izan ziren bigarrengoz jo zituztenak, indar handikoak biak, eta publikoak bestean gozatu zuten musikariek eurek ere oholtzan. Halako sinbiosi berezi bat gertatu zen, kontzertu handietakoa.

Bukaeran, Jon Gurrutxagak eskerrak eman zizkien Mesa 7koei, bai eta Uztargi tabernakoei, Galle-tiak gozotegikoei eta Gararock taldekoei, baina bereziki eskertu zuen Julian Segundoren ekimena eta lana. Aspanogiren zapi laranjak kendu gabe egin zituen hitzok, eta probestu zuen aukera  uztailean Mendaron egingo den garagardo azoka solidarioan parte hartzeko deia eginez. Gipuzkoako minbizia duten adingabeen familien elkartea da Aspanogi, eta haientzako izango da aurten garagardo azokan batzen duten dirua.