Pailazo jantzita ageri zen Ekain Ibarguren eguazteneko solasaldia iragartzeko In Leike kultur elkartekoek sortu zuten kartelean, baina sudur gorri barik eta aurpegia margotzeke azaldu zen Ibarguren, eta ezagutu ere ez zuen egin udaletxeko plazan haren zain zegoen ume talde batek. Baina pailazoa izan denak ez du ile-orde koloretsurik eta zapata handirik behar, ez eta sudur gorririk ere, eta Ekain sortzez da pailazoa. "Beti gustatu zait antzeztea eta pailazokeriak egitea". 3 urterekin, gainerako lagunek oparitarako jostailuak eskatzen zituztenean, sudur gorria eskatu zion amari Ibargurenek eta 14 urte bete orduko herririk herri zebilen, pailazo, ikaskide batzuekin osatutako taldearekin.
Batxilergoa eginda, Haur Hezkuntza ikasteari ekin zion gero, irakasle izateko baino gehiago haurrekin lan egiteko lagungarri izango zitzaiolakoan, baina urtebete eginda laga zuen, pailazo izateko. 2016an, Ekain-Txou pertsonaia sortu zuen eta pailazo-malabarista gisa dabil ordutik, azkeneko urteetan Gure Zirkuan ere bai. Aitortu zuen Poxpolo eta Mokolo pailazoei zien miresmenetik ezagutu zuela Iker Galartza, eta gaur Galartzak Gure Zirkuaren baitan sortutako taldea familiatzat duela.
Pailazo izateaz eta Gure Zirkuaz, ikusten dugunaz eta ikusten ez den lanaz, aritu zen, pasioz eta umoretik, areto bete umeren aurrean. Euskaratik eta euskaraz sortutako proiektu horretan topatu duen babesean eta goxotasunean azpimarra jarrita, euskaraz bizitzeak eman dionaz eta zirkuko egunerokoaz aritu zitzaien umeei, bai eta zirkuak Euskal Herriko bazterrak ezagutzeko eman dion aukeraz ere.
Baina bestelako gaiak ere izan zituen hizketagai, tartean ikusmen urritasuna. Stargardt gaixotasuna dauka Ibargurenek, gaur gaurkoz sendabiderik ez duena, baina hori ez zaio traba malabareekin jolas egiteko. "Ikusten dut, oso gutxi, baina ikusten dut eta horrekin moldatzen naiz. Gaixotasun baten aurrean, norbere burua onartzea eta maitatzea da garrantzitsuena". Adi-adi entzun zuten haurrek lezioa, sinistu ezinda moduan beren begiz ikusten zutena. Hiru-lau joko egin zituen Ibargurenek, ezina ekinez egiten dela erakusteko, eta animatu zituen gero haurrak malabareak probatzera. Aztoratu zen bat-batean gela. '"Ni, ni, ni". Denek nahi izan zuten probatu, ez baita alferrik egunero Ibargurenen mailako maisu bat egokitzen parean.