Gelatik Plazara sariketako finalean Mendaroko taldeak izan zuen parte-hartzearen ale bat, bideoan

Barren 2025eko apirilaren 11

Gelatik Plazara sariketaren baitan, DBHko ikasleek finala jokatu zuten joan zen barikuan, Azpeitiko Dinamoan eta Mendaroko bertso eskolako hirukote batek parte hartu zuen han. Hona haiek kantatu zituzten hiru-lau bertso, bideoan.

Sei taldek kantatu zuten finalean, Orereta, Azpeitia, Azkoitia, Alegia, Zumaia eta Mendaroko talde banak, eta Oreretakoek jantzi zuten txapela. Etxetik prestatuta eraman zuten agurraz gain, bat-bateko hainbat ariketa ere osatu behar izan zituzten bertsolari gazteek: gaia emanda, lau oinak emanda, ofizioka, bukaera emanda eta puntuka. Bideoan batu dugu Lizar Ezenarro, Axular Larrañaga eta Luken Zulaika bertsolari mendaroarrek kantatu zuten agurraren zati bat, eta bat-batean egin behar izan zituzten ariketetako hiru-lau ale.