Eskolarte mailako txirrindularitza lasterketak jokatu dituzte Mendaron

Barren 2025ko mar. 23a, 14:24

Eskolarte mailako txirrindularitza lasterketak jokatu zituzten atzo Mendaroko Erramone industrialdean, Elgoibarko Lagun Taldeak antolatuta, eta nagusien lasterketan, infantiletan, Markel Diaz Dorletako Ama taldekoa  eta Amaia Agirre Zumaiako Txirrindulari Elkartekoa gailendu ziren.

16:30ean hasi zuten lehenengo lasterketa, benjaminena. Industrialdeari bi buelta eman behar izan zizkioten, eta denek jaso zuten domina bana. Aipatzekoa da mutiletan, Egoi Motriko (BESA) Elgoibarko Lagun Taldekoa izan zela azkarrena, Mendaro bertako txirrindulari gaztea. Alebinak abiatu ziren gero, eta lau itzuli eman zizkioten zirkuitoari. Mutiletan, Ion Salaberria (Goierri) izan zen helmugaratzen lehenengoa, eta haren atzetik sartu ziren  Ganix Martin (Aloña Mendi) eta  Mikel Otaño Zumaiako Txirrindularitza Elkartekoa, eta nesketan, berriz, Naikari Oria Peña Elortzakoa izan zen azkarrena, eta June Iraolagoitia Elgoibarko Lagun Taldeko txirrindulariak eta Paule Eguren Lokatza taldekoak osatu zuten podiuma. Infantilek, berriz, zazpi buelta eman izan zizkioten 1,8 kilometroko zirkuitoari, eta podiumik podium dabiltzanak sailkatu ziren lehenengo hiruren artean: Markel Diaz Dorletako Ama Taldekoa, Daniel Diaz Irunes taldekoa eta Luken Olalde Aloña Mendikoa. Nesketan, berriz,  Amaia Agirre sailkatu zen lehenengo,  Zumaiako Txirrindulari Taldekoa, eta haren atzetik helmugaratu ziren  Ainhoa Plaza Dorletako Ama Txirrindulari Taldekoa  eta irabazlearen talde bereko -eta ahizpa- Amalia Agirre.