Emakumeen Banakako Aizkolari Txapelketan lehiatu zen Ansorregi, finalera sailkatu ziren beste bi aizkolarirekin batera: Laiene Pikabea eta Karmele Gisasola Zelai III.a.
Pikabea ereñotzuarrak bere ibilbideko lehenengo txapela irabazi zuen, 45 ontzako bi enborrak lau minutu eta 47 segundutan moztuta. Zelai III.a mallabiarra sailkatu zen bigarren postuan (5,31) eta Ansorregi mendaroarra hirugarrengoan, 5,58 denboran lanak bukatuta.
Vicente eta Saralegi txapeldun binakakoan
Gizonen XXV. Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketan lehiatu zen Ezpeleta, Arkaitz Etxebesterekin bikotea osatuta, baina urrun izan zuten txapela lortzeko aukera. Lehia bizia izan zuten Iker Vicente eta Eneko Saralegi bikotearen eta Julen Alberdi Txikia IV.ak eta Ibai Soroak osatutakoaren artean, eta lehenengoek jantzi zuten irabazlearen txapela, 24,18 denboran lanak bukatuta. Txikia IV.ak eta Soroak 31 segundo gehiagoan egin zituzten lanak bukatzeko eta hiru minututik gorako aldea atera zieten lehen bi sailkatuek Ezpeletak eta Basozabalek osatutako bikoteari. 27 minutu eta 48 segundo behar izan zituzten.
Luis Mari Bengoari omenaldia
Urrezko aizkora txapelketaren 25. edizioa izan da Azpeitian bukatu duten hau, eta horrek berezia egin du txapelketa. Eta baita herri kirolak sustatzen lan handia egin duen Egur Sport enpresako Luis Mari Bengoaren (Otxandio, 1945) azken txapelketa izan delako ere, erretiroa hartu baitu (ikus Euskal Telebistan egin dioten elkarrizketa). Sari banaketa ekitaldian egin zioten aitortzan izan zuen agur esateko aukera, berbaz eta baita tronpetarekin Agur jaunak joz ere.
*Argazkiak: Ibon Errazu