Udalak aginduta IKEI enpresak egindako eta iazko azaroan jendaurrean aurkeztutako Mendaroko Etxebizitza Beharren azterketak jasotzen duenez, 50 urtetik gorako antzinatasuna duten 66 eraikinek ez zeukaten iazko irailean nahitaezko txostena erregistratuta. Mendaron egindako EITen esku-hartze eta zuzenketa mailari buruzko datuei dagokienez, berriz egiaztatu dute horietako heren batean (16 eraikin) ez direla konpondu presaz konpondu behar zituztenak.
Horregatik, eta herritarren segurtasuna zaintzeko Mendaroko etxebizitza parkea egoera onean mantentzea ezinbestekoa dela iritzita, Mendaroko Udalak gutun bana bidaliko die datozen egunetan legez EITa egitera behartuta egonik oraindik betebehar hori egiteke daukaten eraikin jabeei, eraikinaren ikuskapen tenikoa egiteko eta hor agertzen diren neurri zuzentzaileak hartzeko eskatuz.
Eraikinen Ikuskapen Teknikoa
Egitura, fatxada, estaldia eta saneamendu- nahiz hornikuntza-sare komunen ikuskapena da EITa. Txostenean, besteak beste, bost mailetan sailkatzen diren esku-hartze motak identifikatzen dituzte. Epe motzean egin beharreko obrak lehen hiru mailatakoak dira.
- 1.maila. Berehalakoa: gehienez ere 24 orduko epean esku hartu behar da.
- 2.maila. Oso premiazkoa: obrak gauzatzeko epea hiru hilekoa da.
- 3. maila. Premiazkoa. Hamabi hilabetekoa da horrelako esku-hartzeetarako erabaki beharreko gehieneko epea.
Etxebizitzaren inguruko atal berezia sortu du Udalak webgunean.
Udalak Etxebizitza Mendaron izeneko atal espezifikoa jarri du martxan bere webgunean, gai horren inguruan Mendaron dagoen informazioa modu eraginkorrean herritarrekin elkarbanatzeko. Hiru atal ditu momentuan:
- 2024ko udazkenean osatu eta aurkeztu zuten Mendaroko etxebizitzaren gaineko azterlana eta azaroan egindako aurkezpena jasotzen dituen atala.
- Etxebizitzaren alokairuaren eta alokairurako dirulaguntzen gaineko informazioa jasotzen duen atala (etxe bila dabilenarentzat zein etxebizitza alokairuan eman nahi dutenentzako informazioa bildu dute).
- Etxebizitzen birgaitzearen eta horretarako dauden dirulaguntzen gaineko informazioa jasotzen duena.
Era berean, Udaletik esan dute aurrerago atal berriak sortzeko asmoa dutela, esaterako babes ofizialeko edo etxebizitza librerako promozioak sortzen dituztenean.