Udaberriari deika hasteko Motxaila Eguna negu beteko eguraldiarekin ospatu dute Mendaron

Barren 2025ko mar. 15a, 18:43

Udaberriaren etorrera ospatzeko asteburua dute honako hau Mendaron, negu beteko eguraldia egiten ari bada ere, bereziki gaur, eta goiz-goizetik. Hotza eta euria egin ditu gaur, batez ere arratsaldean, baina horrek ez du jairako gogoa zapuztu Mendaron. 

Atzo hasi zituzten ospakizunak San Agustin kulturgunean izan zen bertso-saioarekin. Punta-puntako lau bertsolari aritu ziren oholtzan Ainhoa Urbietak jarritako gaiei kantuan, eta gozatu zuen publikoak. Saioan zehar, Mendaroko bertso-eskolako gaztetxoak bertsolariei puntuak jartzen ere aritu ziren, txandaka-txandaka.

Gaur, berriz, goizean goiz hasi dute egitaraua. Urtero moduan, Gaztetxetik Aitzbeltzera irteera antolatua zuen Motxaila Elkarteak, eta batu da jende multzotxo bat Gaztetxe atarira, jarritako ordurako. Eguraldiak ez du gaur lar lagundu, eta beste batzuetan baino  jende gutxiago batu da gorako, baina gogotsu ekin diote bideari batu direnek. Oinez egin dute Aitzbeltzera arteko bidea, lokatzetan, eta goian, Inma Mugertza hidrogeologoak Lurpea Garbi elkartearen inguruko azalpenak eman dizkie. Ipuin-kontaketa saioa eta kantua ere izan dituzte han, eta buruko argiak jarrita, kobazuloko galerian barrura egiten ausartu denik ere izan da taldekideen artean.

Aitzbeltzetik jaitsitakoan, Gaztetxean elkartu dira, bazkaltzeko. Barrurako giroa zegoen egon ere, eta berotzeko eta indarrak hartzeko beharra ere bai, arratsalderako. Gaztetxean, Manex Astigarragaren bakarrizketaz gozatu ahal izan dute bazkalostean, Patxangoi elektrotxarangakoekin kalerako bidea hartu aurretik. Une honetan, iluntzeko 20:00ak, Plazako arkupeetan ari dira Patxangoikoak, eta haien inguruan gazte-multzo handia, orduek aurrera egin ahala hazten joango dena seguruena, gauerako Desein taldearen kontzertua eta DJ emanaldia iragarria baitituzte Gaztetxean. Argazkiak: Nagore Urkiza eta BARREN.

Bertso-eskolakoen saioa, hemen: