San Agustin kulturgunean izango da saioa, 22:00etan, eta sarrerak salgai daude, 8 euroan. Morroskillo dendan eta Aitzbeltz tabernan eskuratu ahal izan dira gaur artean, baina azkeneko aleak kulturguneko atarian jarriko dituzte salgai barikuan. Lau izango dira aurten kantura gonbidatu dituzten bertsolariak: Nerea Ibartzabal, Jone Uria, Joanes Illarregi eta Julio Soto, eta Ainhoa Urbieta mendaroarra ariko da gaiak jartzen. Saioan Mendaroko bertso eskolako ikasleek ere parte hartuko dutela aurreratu dute antolatzaileek. Iaz bezala, Gelatik Plazara sariketan parte hartu berri iritsiko dira herriko bertsolari gazteak gaurko saiora, eskualdeko bertso eskoletako ikasleek kanporaketa-saioa baitute gaur, Mendaron.
Ipuinak, poesia eta geologia saioa Aitzbeltzen
Zapaturako egun osoko egitaraua antolatu dute. Goizean, Aitzbeltz kobazulora igoko dira oinez, 09:00etan Gaztetxetik abiatuta, eta antolatzaileek praka luzeak eta mendirako oinetakoak eramateko gomendioa egin dute. Kobazuloan, ipuin kontaketa saioa, poesia emanaldia eta abar izango dituzte, 11:00etatik aurrera. Inma Mugertza hidrogeologo elgoibartarrak Lurpea Garbi Elkartearen inguruan ere hitz egingo du, eta hangoak amaituta, Gaztetxera jaitsiko dira gero, bazkaltzera.
Bazkaria eta bakarrizketa saioak
Mendian izan direnek frontoiko aldagelak erabiltzeko aukera izango dute, eta bazkaria 15:00etan izango da. Bazkalosterako, Manex Astigarragaren bakarrizketa saioa iragarri dute eta 18:30ean kalejira hasiko dute Patxangoi elektrotxarangarekin. Gauean, berriz, Desein taldeak kontzertua emango du Gaztetxean, 22:30etik aurrera, eta luzatuko dute gero jaia Txola ta Potxola disko jartzaile mendaroarrek.