Mendaroko Txirrindulari Elkarteak antolatuta, Mendaro Herria lasterketa jokatu dute gaur goizean Mendaron. Hego Euskal Herriko 199 txirrindularik eman dute izena eta 48 kilometroko ibilbidea osatu behar izan dute: Mendaro-Bergara-Mendaro. 11:00etan abiatu da tropela plazatik, baina aurretik minutu bateko isilunea gorde dute, astelehenean Bizkarreko zubi ondoan (Usurbil) istripuz hil zen Iñaki Bakea Arsuaga txirrindularia oroitzeko. Lasterketan zehar hainbat ihesaldi izan badira ere, esprinean erabaki da. Sunbillako txirrindulari Ander Larraburu (Erro y Ergui-Arga Carretilla) izan da tropelburuko azkarrena. Kadete mailako pistako Espainiako Kopa irabazi zuen otsail hasieran 15 urteko txirrindulari nafarrak, esprintetan ezin honeto moldatzen dela erakutsiz. Gaurkoan, Larrabururen atzetik sartu dira Peio Legina (F2 Informatica) eta Unai Aranburu (Inoxcra-Beasain). Taldeka, Erro y Ergui-Arga Carretilla taldekoak izan dira nagusi.
Elgoibarko Lagun Taldeko zazpi kadete ere aritu dira gaur lasterka, gaur, denboraldiko bigarren lasterketan. Zazpi horietako lau estreinakoz aritu dira gaur Mendaro Herria lasterketan, tartean bi mendaroar: Oier Arriola eta Enaitz Iraolagoitia. Tropel nagusian sartu dira guztiak helmugan.
Harrobiko gaztetxoak, Oñatin
Atzo, berriz, Elgoibar Lagun Taldeko benjaminak, alebinak eta infantilak Oñatin izan ziren, eta infantiletan, June Iraolagoitia mendaroarrak lehenengo egin zuen, nesketan. Benjaminei ere eman zieten parte hartzeko aukera, eta adin tarte horretan, Egoi Motriko mendaroarra nagusitu zen. Parte hartu zuten benjamin guztiei domina bana banatu zieten, ohi legez.