M-8

Bi elkarretaratzetan dozenaka lagun batu dira Mendaron, matxismoaren kontra

Barren 2025ko mar. 8a, 21:29

Martxoaren 8a borroka eguna dela aldarrikatu dute gaur. Bi elkarretaratze egin dituzte, Udalak deitutakoa lehenengo eta Itaia emakumeen antolakunde sozialistak deituta bigarrena, eta dozenaka lagun batu da bietan. 

Udaletxeko balkoian esegita zuten Martxoak 8. Emakumeen Nazioarteko Eguna zioen pankarta plazara jaitsi eta haren atzean bildu dira gaur dozenaka lagun Mendaroko Udalak deitutako elkarretaratzean. 12:00etan izan da hori, eta ordu erdi beranduago bigarren elkarretaratze bat ere egon da, oraingoa Itaia emakumeen antolakunde sozialistak Matxismoaren aurrean, emakume langileok borrokara lelopean deitutakoa. Bukaerako txaloak salbu, gainerakoan isila izan da Udalak deitutako elkarretaratzea. Bigarrenean, baina, Indarkeria matxistari aurre egin; gogor eta tinko, matxismoaren aurrean; eta beste zenbait oihu ere egin dituzte elkarretaratzera batutakoan, eta bukaeran, Itaia antolakunde sozialistako bi lagunek manifestua irakurri dute.

 

Martxoaren 8ak historikoki izan duen izaera iraultzailea berrerartzera deitu dute, Martxoaren 8a "aurpegi zuriketarako erabiltzen duten alderdi politikoen instituzioen eta enpresarien hitzontzikeriak alboratuta".Egungo testuingu ekonomikoak eta sozialak antolatzeko eta mobilizatzeko eskatzen duela azpimarratu dute, "oldarraldi erreakzionarioak" mundu mailan ideia atzerakoien eta matxisten zabalpena eta normalizazioa dakarrela arrazoituta. "Ideologia ultraeskuindarrak berebiziko eragina du langile klaseko kolektibo zaurgarrietan, esate baterako, proletalgoaren, atzerritarren zein emakumeon aurkako ideiak, jarrerak eta politikak bultzatzen baititu. Boterea eskuratu ahala, alderdi eskuindarrek hartuko dituzten neurri ekonomikoek eta politikoek ere emakume langileon bizitzetan zuzenean eragingo dute. Alde batetik, estatu aparatuak erabiliko dituzte emakumea oraindik eta gehiago zapaltzeko, besteak beste, indarkeria matxista jasan duten emakumeei babesak eta laguntzak kenduz edota indarkeria matxista legea deuseztatuz. Beste aldetik, migranteen aurkako jarrerak indartzen jarraituko dute, emakume migranteen aurkako esplotazioa eta sufrimendua areagotuz"

Egoera larria dela ohartarazi dute eta larriagoa izan daitekeela azpimarratu. Horregatik, zehaztu dute beharrezko ikusten dutela  ezker instituzionaletik harago "langileriarentzako erreferente iraultzailea" eraikitzea, faxismoari eta matxismoari aurre egiteko. Eta horretarako,  lehen lerroa hartzera deitu deituzte emakume langileak.

Elkarretaratzearen aurretik, autodefentsa ikastaroa ere egin zuten Gaztetxean, Itaiak antolatuta. Hamabost lagunek parte hartu zuten.