Udalerri euskaldunetako gazteentzako udalekuak antolatuko ditu UEMAk

Barren 2025ko mar. 7a, 10:01

Udalerri euskaldunetako gazteentzako udalekuak antolatu ditu UEMAk udarako, Jaurlaritzaren laguntzarekin. Bi txanda eskainiko dituzte:  ekainaren 22tik 30era bata, eta uztailaren 2tik 10era bestea. Martxoaren 31 da izena emateko azken eguna.

Udalekuak ibiltariak izango dira, eta gazteek Baliarraindik Idiazabalera egingo dute ibilbidea. Ekimena Tolosaldean hasiko da eta Goierrin barrena igaroko da, Zaldibian eta Ataunen geldialdiak eginez; herri horietan bina gau pasatuko dituzte parte-hartzaileek. Udalekuek 60 gazterentzako lekua eskaintzen dute txanda bakoitzean, 2007 eta 2010 urteen artean jaiotakoentzat.

Helburu nagusia gazte euskaldunek kontzientziarako urratsa eman dezaten bultzatzea da, horrek euskararen erabileran eragin biderkatzailea izan dezakeelako. Udalekuetan,  aisialdiari eta euskal kulturari lotutako egitarau erakargarri baten bidez, gazteen sentsibilizazioa eta saretzea sustatu nahi dute..

Aurten, iaz bezala, bi txanda izango dira eta 2007 eta 2010 urteen artean jaiotako gazteek izango dute parte hartzeko aukera. Informazio gehiagorako: uema.eus