250 bertsolari arituko dira, hiru-lau laguneko taldetan banatuta. Bi maila ezberdinetan parte hartu ahal izango dute: LH mailan eta DBH mailan, eta ariketa ezberdinak egin beharko dituzte maila bakoitzeko.
LHkoek agurrra kantatuko dute taldeka, eta ondoren honako ariketak egin beharko dituzte: puntua erantzun koplan (oina aukeran emanda); bi oin emanda kopla osatu; bertsolari bati erantzun, gaia emanda, kopletan; eta gaia emanda, kopla osatu. DBHkoek, berriz, agurraz gain, honako ariketak egin beharko dituzte: lau oinak emanda bertsoa osatu; ofizioka, binaka, bi kopla osatu; amaiera emanda, bertsoa osatu, eta hiru puntu erantzun, koplan, oina ekarrita.
Bederatzi saio eta finala
Eskualdez eskualde, bederatzi kanporaketa izango ditu sariketak. Debabarreneko kanporaketa martxoaren 13an izango da Mendaron, udaletxeko batzar aretoan, 17:30ean hasita. Mutriku, Mendaro, Elgoibar eta Soraluzeko bertso eskoletako kideek abestuko dute.
Finala, bertso eskolen egunean
Eskualdeko kanporaketetan aurrera egiten duten taldeek martxoaren 30ean Alegian egingo den Bertso Eskolen Egunean kantatuko dute. Egun osoko egitarauaren barruan, bertan egingo dira LHko finalak eta DBHko kanporaketak. DBHko talde sailkatuek apirilaren 4an izango dute finala, Azpeitian.