Justizia eta Giza Eskubideen sailburu María Jesus San Josek Sofía Archeli izendatu du Aukerak Gizarteratzearen eta Laneratzearen Euskal Agentziako zuzendari. Aurreko astean egin zuten Jaurlaritzaren Kontseiluan hartu zuten erabakia. Prestakuntzako gizarte-langilea da Archeli, eta esperientzia handia du gizarteratzen eta laneratzen, Gipuzkoako Gurutze Gorriaren buru izan baita 2019 eta 2023 artean. Gaur egun Eibarko Udaleko Gizartekintza arloko eta Pertsona Nagusien Batzordeko zinegotzi arduraduna da.
Jaurlaritzatik azaldu dutenez, Aukerak agentziaren zuzendari berriak, Gizarte Lanean diplomatua izateaz gain (haurtzaroan eta gaztaroan espezializatuta), prestakuntza du arlo behartsuetako esku-hartze sozialean, bai eta zaurgarritasun- eta bazterketa-egoeran dauden pertsonentzako esku-hartze eta laguntza sozioedukatiboan ere. 2010etik, harreragile espezializatu gisa egiten du lan, Gipuzkoako Foru Aldundiaren familia-harrera profesionalizatuaren programaren barruan.
Aukerak agentziaren buru izango da, eta presoak gizarteratzeko eta laneratzeko prozesuak zuzenduko ditu. San Jose sailburuaren zuzendaritzapean dagoen Sailaren ustez, funtsezko lana da; izan ere, espetxe-kudeaketa "ez da segurtasunaren edo zigorrak betetzearen kontua soilik, presoak gizartearekin berriz elkartzeko prestatzea da, askatasuna berreskuratzen dutenean".
Aukerak 2022tik arduratzen da Gipuzkoako, Arabako eta Bizkaiko espetxeetako presoen gizarteratzea eta laneratzea kudeatzeaz. Agentzia publiko honen helburua da presoak lan munduarekin zerikusia duten alderdi guztiak jorratuz gizarteratzea, prestakuntzatik hasita lan munduan eta gizartean txertatu arte. "Aukeraken programa ez da zigorra betetzen den bitartean okupazio hutsean oinarrituko: Gizarteratzeko eta laneratzeko ibilbideak ere definituko ditu, trebetasunak eta inklusioa kontuan hartuta", azaldu zuen Beatriz Artolazabalek agentzia sortu zutenean.