M-8

Martxoaren 8ko Mendaroko programak andrazkoen erresistentzia mugimenduetan jarriko du fokua

Barren 2025ko mar. 4a, 15:09

Kristina Beasain kazetariak 'Sahara, herri bat erresistentzian' liburua aurkeztuko du Mendaron.

Faxismoa munduan hartzen ari den indarra ikusita, emakumeek munduan barrena hasitako erresistentzia mugimenduei erreparatuko diete aurten Mendaroko Tratu Onen Aldeko Taldeak eta Diversas emakume migranteen taldeak Martxoaren 8aren harira eta, Udalak lagunduta, antolatu duten kultur programan.

Martxoaren 6rako (eguena), Kristina Berasain Tristan kazetaria gonbidatu dute, Sahara, herri bat erresistentzian liburua aurkeztera. Kazetaritza kronika bat da liburua, eta ahanzturara kondenatutako herriaren borroka kontatzen du, sahararren kontakizunak eta lekukotzak historiako pasarteekin tartekatuta. Gerraz, errepresioaz, heriotzaz eta erbesteaz ari dira liburuan lurralde okupatuetako eta kanpalekuetako sahararrak, bai eta beren nortasunari, duintasunari eta erresistentziari eusteko indarraz ere. Udaletxeko pleno aretoan izango da aurkezpena, gaztelaniaz, 19:00etan hasita.

Hitzaldia eta zine-foruma domekan

Martxoaren 9rako (domeka), hitzaldia eta zine-foruma antolatu dituzte. Prohibido recordar filma proiektatuko dute San Agustin kulturgunean, 17:00etan. Josu Martinez eta Txeber Larreategik zuzendutako lana da, Saturrarango hondartzako kartzelari buruzkoa. Franco jeneralaren aginduz, Saturraran "bereziki asaldatzaile eta arriskutsu" gisa izendatutako emakumeen presondegi bihurtu zuten. Espainiako toki guztietatik ekarritako 16 eta 80 urte arteko bi mila emakume errepublikano izan zituzten giltzapean han 1937-1944 artean.

Filma ikusi osterako, solasaldia ere iragarri dute Maria Gorosarri irakaslearekin. Zuzenbidean lizentziatua, Kazetaritzan lizentziatua eta Komunikazio Doktore Europarra da Gorosarri eta Mujeres antifascistas 1932-1945 hitzaldia emango du.

Prohibido recordar filmako irudia.