Uxue Ansorregik Oñatin jokatutako finalerdikoan lortu zuen Emakumeen Banakako Urrezko Aizkolari Txapelketako finalerako txartela, otsailaren 23an. Hodei Ezpeletak atzo lortu zuen finalerako txartela, Arkaitz Etxebeste igeldoarrarekin bikotea osatuz. Gizonezkoen XXV. Urrezko Binakako Aizkolari Txapelketako azken kanporaketa jokatu zuten Urrotzen, eta Ezpeletak eta Etxebestek Ugaitz Mugertza eta Ibai Soroa izan zituzten aurkari finalera sailkatzeko norgehiagokan. Ia minutu bateko aldea atera zieten: 18 minutu eta 6 segundo behar izan zituzten Ezpeletak eta Etxebestek eta 19:04 Mugertza IIak eta Soroak.
Erlojuaren kontrako lehen proban 45 ontzako bi enbor ebagi behar zituzten eta minutu bat eta 42 segunduan amaitu zituzten lanak Mugertza mutrikuarrak eta Soroa arribearrak, aurkariek baino segundo bat arinago. Zutik ebagi beharreko 60 ontzako enborra ere azkarrago moztu zuten, 2 minutu eta 16 segundoan (02:35 Ezpeletak eta Etxebestek). Hirugarren proban ere abantailari eutsi zioten, abiaduran moztu beharreko 65 ontzako enborra minutu bat eta 57 segundoan moztuta, Etxebestek eta Ezpeletak baino segundo bat azkarrago. Hortik aurrerako lanak, baina, aurkariek baino arinago egin zituzten mendaroarrak eta igeldoarrak. Zutik eta etzanda enborrak mozteko proban 2 minutu eta 48 segundo erabili zituzten, aurkariek baino 31 segundu gutxiago; eta, azken proban egin zuten aldea, 60 ontzako lau enbor moztekoan, hain zuzen. Ezpeletak eta Etxebestek 09:02ko denboran ebagi zituzten lau enborrak eta 48 segundo gehiago erabili zituzten Mugertzak eta Soroak.
Finalak, Azpeitian
Urrezko Aizkorariak txapelketetetako aurtengo finalak Azpeitiko Izarraitz pilotalekuan jokatuko dituzte, martxoaren 16an. Gizonezkoen binakakoan hiru bikote lehiatuko dira, honako hauek: Hodei Ezpeleta eta Arkaitz Etxebeste, Iker Vicente eta Eneko Saralegi; eta, Julen Alberdi “Txikia IV” eta Jon Rekondo. Emakumezkoen banakako finalean Uxue Ansorregi, Karmele Gisasola eta Laiene Pikabea lehiatuko dira.