Martxoaren 1a da Aingeru Guardakoaren eguna, eta ohi legez, meza izan zuten Mendaron Plaza auzoko Aingeru Guardakoaren ermitan. Ospakizun handiak, baina, domekarako laga zituzten. Hitzaren liturgia izan zuten goizean lehenengo, eta ondoren, trikitilariak, bertsolariak eta herri-kirol saioa. Txosna ere jarri zuten jai-batzordekoek, eta jende multzoa batu zen taberna bueltan, salda eta txorizo ogitartekoa jatera. Herri-kiroletan, Julen Cañamares eta Aratz Mugertza lehiatu ziren aizkoran, baina aurretik, Cañamaresek motozerra hartu eta ohol handi batean eguzki-lorea sortu zuen. Aizkoran, bi enbor ebaki behar izan zituzten, eta Mugertza gailendu zen. Eguneko lanak bukatzeko, berriro ere motozerra hartu eta lauburu bat sortu zuen Cañamaresek beste egurrezko ohol zati handi batetik.
Aizkolarien erakustaldiaren ondoren, eta Plaza auzoan batutakoek etxerako bidea hartu aurretik, bertsolariek hiru zenbaki eman zituzten bertsotan, eta modu horretan zozkatu zituzten jai-batzordekoek produktuz betetako otarre bat eta Cañamaresek egindako eguzki-.lorea eta lauburua.
Gaur, astelehena, jai batzordekoek eskerrak eman dizkiete jaiak antolatzen lagundu dieten boluntario eta erakundeei, bai eta jaiaz gozatzera batu ziren herritar guztiei ere.