Helburua zera da: bizikidetza indartzea, jatorria edozein dela ere, pertsona guztiek komunitatearen parte sentitzeko aukera izan dezaten. Horretarako, kanpotik Mendarora datozen pertsonei "harrera hobea egin" eta orientazioa eskaini nahi diete, "Mendaro hobeto ezagutzeko eta herrian integratzeko baliabideak izan ditzaten".
Protokoloa bi fasetan garatuko dute: lehenengo, harrera instituzionalari dagokion partea landuko dute, langileentzako prestakuntza eskainiz eta baliabideen gida sortuz. Bigarren fasean, harrera integrala landuko dute, eta horrek herriko eragile desberdinen parte-hartzea eskatuko duela aurreratu dute Udaletik, "bizilagun berrien babes-sarea osatzeko eta herriko bizitzan beraien integrazioa errazteko".