Elkarrekin ikusi dute Mendaroko umeek 'Irabazi arte!' telesailaren denboraldi berriko lehen atala

Barren 2025ko ots. 17a, 10:50

ETB1en estreinatu baino astebete lehenago, Irabazi arte! telesailaren laugarren denboraldiko lehen atala elkarrekin ikusteko aukera eman zien atzo Mendaroko Udalak herriko umeei, udaletxeko sarreran jarri zuten pantaila handian. Barikuan, Makusin eman zuten, eta hilaren 21ean emango dute ETB1en.

Euskal Herriko hainbat zinematan eman dute asteburuan ETB1eko Irabazi arte! telesailaren lehen atala, eta Mendaroko umeek atzo izan zuten pantaila handian ikusteko aukera. Udalak pantaila jarri zuen udaletxeko sarreran, eta hantxe elkartu ziren 40 bat ume, estreinako atala elkarrekin ikusteko.  Ez da lehenengo aldia Udalak pantaila hori jartzen duela. Gauza bera egin zuen Goazen telesailaren estreinako atala eman zutenean, bai eta beste zenbait kirol emanalditan ere: esaterako, iaz buruz buruko pilota txapelketako finala jokatu zutenean edota Realak Bartzelonaren kontra jokatu zuen Espainiako Erreginaren Kopako finalean.