300 intxusa eta haritz landare landatu dituzte Mendaron herriko familiek

Barrena 2025ko ots. 17a, 09:39

Zuhaitzak landatzeko eguna izan zuten atzo, domeka, Mendaron. Plaza auzoan, Intxusadiko errekaren gaineko lurretan landatu zituzten arbolak, guztira 300 bat intxusa eta haritz landare. Intxusa errekatik gertueneko lurretan intxusak sartu zituzten eta goragoan, haritzak.

10:00etan plazan elkartzeko deia egina zuten atzorako Mendaroko Udalak eta Arno guraso elkarteak, eta dozenaka lagun elkartu ziren. Iñaki Aizpurua eta Jon Zulaika Naturtzaindiko kideek eman zizkieten ekimenaren berri deialdira batu zirenei. Irabazi asmorik gabeko erakundea da Naturtzaindia eta ingurumena babesteko ardurarekin elkartutako pertsona talde batek osatzen du, bioaniztasunaren kontserbazio eta kudeaketan, basozaintzan, ingurumen hezkuntzan eta ingurumen jardunaldien antolaketan eskarmentua duen talde batek. Lan boluntarioa  egiten dute, ardura bera konpartitzen duten administrazio, erakunde eta gainerako eragileekin, eta hala ari dira Mendaroko Udalarekin ere. 

Iaz egin zuten bezala, atzoko ekinaldirako ere Naturtzaindikoek jarri zituzten lanerako erremintak, eta 300 bat arbola-landare ekarri zituzten: intxusak eta haritzak. Plaza auzoan landatu zituzten guztiak, Goikola baserriaren gaineko lur-sailean.

Argazkiak: Arno, Ina Iriondo eta Ion Urbieta