Proiektuak hainbat erakunderen laguntza jasotzen du, tartean Eusko Jaurlaritzako Gizarte Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailarena, Eusko Jaurlaritzako Osasun Publikoaren Zuzendariordetzarena, eta mankomunitate batzuena, eta osasun integrala sustatzea dauka helburu, horretarako herriko baratze eta basoetan lan eginez. "Osasuna sustatzeko eta ingurumen-krisiari aurre egiteko gero eta behar handiagoa dagoen testuinguruan sortu da Gym Berdea, pertsonen eta komunitatearen ongizatea hobetzeko aukera osasungarri eta iraunkor bat eskainiz", diote ekimenaren sustatzaileek.
16 eta 85 urte bitarteko pertsonei dago zuzenduta Gym Berdea, bereziki 60 urtez gorako pertsonei, adineko pertsonek beren autonomia eta zahartze aktiboa sustatzea bilatzen duelako, baina aldi berean, lagungarria da gizartean baztertzeko arriskuan daudenentzat eta beren bizitza hobetzeko edo harremanak sendotzeko interesa duen edozeinentzat. Kanpoan aritzen dira parte-hartzaileak lanean, lorategietan eta herriko basoetan, eta modu horretan ingurunea edertzeko eta trantsizio ekologikoa sustatzeko aukera dute, flora eta fauna autoktonoak babestuz eta espazio berdeetan produktu kimikoak erabiltzea saihestuz.
Mendaron, hamabi bat lagunek eman dute izena ekimenean, eta martitzenean hasi ziren lanean. Hasteko, ikastola gaineko parkean, mugurdi edo masusta-gorri landarak sartu zituzten, eta Trinitate gaineko arbolak inusten ere jardun ziren. Lanean hasterako, baina, egin beharrekoen azalpen teoriko bat jaso zuten, eta behin eguneko lanak bukatuta, luzaketa ariketak ere egin zituzten.
Taldera batu direnek balorazio positiboa egin dute lehen egunaz eta eremu berdean elkarrekin lan egiteak ematen dizkien onura fisiko, emozional eta sozialak nabarmendu dituzte. Era berean, Gym Berdeak belaunaldiartekotasuna indartzeko, kultura trukerako eta lan komunitarioa sustatzeko balio dutela ere azpimarratu dute. Taldekideak martitzenetan elkartzen dira lanerako. 16:15ean batzen dira plazan eta 18:45ak aldera arte jarduten dira egun horretarako zehaztutako eginkizunean.