Padel kantxaren eta frontoiaren erreserbak Udalaren web orriaren bitartez egin beharko dira aurrerantzean Mendaron

Barren 2025ko ots. 10a, 12:08

Frontoiaren eta padel pistaren erabilera erreserbatu, ordainketa egin eta sarrerako giltzen kudeaketa Jubilatuen tabernaren bitartez egin izan du Mendaroko Udalak azken urteetan, tabernaren egutegi eta ordutegiak erabiltzaileentzat Udal bulegoek baino malgutasun eta erosotasun handiagoa eskaintzen zutela ulertuta, baina aurrerantzean web orriaren bidez egin beharko dira.

Horretarako, bi ekipamenduen kontrolerako zerraila elektronikoak instalatuko ditu Udalak, eta zerraila hauekin integratutako software aplikazio bat ere bai Udalaren web orrian, erreserbak eta ordainketak egiteko. Modu honetan, bi instalazio horietakoren bat erabiltzeko ordua hartzen duenean, herritarrak kode bat jasoko du sakelako telefonoan, erreserbatuta daukan denbora tartean dagokion instalazioko atea ireki ahal izateko. Sakelako telefonorik ez dutenek, udaletxeko sarreran jarritako eguneratze aparailu baten bidez eguneratu ahal izango den txartel bat lortzeko modua izango dute, bi instalazioetako ateak irekitzeko. Mendaroko Gimnasioa arduratuko da kudeaketa guztiaz.

Funtzionatzeko modu hau martxan jarri aurretik, nolanahi ere, bi instalazio horien erabilera arautzeko ordenantza egin du Udalak.  Horretarako, parte-hartze prozesu bat abiatu zuen lehendabizi, interesa zeukan edonork padel eta frontoiaren erabileraren inguruan ekarpenak egin zitzan. 14 lagunen ekarpenak jaso zituzten eta ekarpen horietan oinarrituta idatzi zuten  Udalbatzaren otsailaren 28ko osoko bilkuran ahobatez onartu zuten ordenantza (Web orrian esegi dute ordenantza). Honako hauek dira ordenantzan jaso dituzten neurriak:

  • 14 urtetik gorakoek erreserbatu ditzakete padel pista eta frontoia. Adin txikiagokoen kasuan adin nagusiko norbaiten bitartez egin beharko dute erreserba eta pertsona hori izango da instalazioak egoki erabiltzearen arduraduna

  • Egunean ordu bat edo bi erreserbatu ahal izango du erabiltzaile bakoitzak. Eta astean gehienez hiru egunetan.

  • Astebetera arteko orduak erreserbatu ahal izango dira gehienez.

  • Erabilera ordutegia: igandetik ostegunera, 09:00etatik 21:00etara, eta ostiral eta larunbatetan, 09:00etatik 22:00etara.

  • 48 ordu falta diren arte erreserba bertan behera utziz gero, dirua bueltatuko dute. Hortik aurrera ez.

  • Erreserba ordua amaitutakoan gauzak jaso eta pista utzi beharko da.

  • Mendaroko Udalak antolatu edo babestutako ekintzek lehentasuna izango dute instalazio horietan beste erabilera batzuekiko.

Ordaindu beharreko kopuruari dagokionez, urriko Udalbatzan onartutako prezio publikoa aplikatuko dute: orduko 10 euro. Modu horretan, azken urteetan pandemia zela eta ezarritako prezioak lehengoratzea erabaki du Udalak.

Padel kantxaren eta frontoiaren erreserba egiteko jarritako softwareari funtzionalitate gehiago ere ikusten dizkio Udalak eta aurrerantzean, beste zerbitzu batzuetara zabaltzea aurreikusten du. Esate baterako, kultur ekitaldietarako sarreren kudeaketa egiteko edo Udalak norbanako edo elkarteek erabiltzeko izan ditzakeen gela edo materialen erreserba eta kudeaketa egokia egiteko.

Arrakala digitalaren ondorioak

Udala jakitun da arrakala digitala dela eta kudeaketarako era honetako teknologien ezarpenak kolektibo ezberdinen arteko ezberdintasunak areagotzeko balio dezakeela batzuetan. Hori dela eta, egin daitezkeen erabilerak banan-banan aztertzeko asmoa erakutsi du, "era horretako arazoak antzematerakoan, beharrezko neurri zuzentzaileak hartzeko, horrelako arrakalarik ematea saihestuz".