Santa eskea

Florentino Larrañaga eta Jose Antonio Loiola santa eskearen sustatzaileak omendu dituzte Mendaron

Barren 2025ko ots. 9a, 14:13

Berezia izan zen atzoko santa eskea Mendaron, besteak beste, taldekideen aitortza jaso zutelako Jose Antonio Loiolak eta Florentino Larrañagak, santa eskearen sustatzaile nagusi izan direnek.

Bazkalostean omendu zituzten, Aizpe elkartean. Iraide Loiolak egin zituen aurkezpen lanak, Jose Antonio Loiolaren ilobak, eta berak jantzi zion osabari ere txapela. Florentino Larrañagak, berriz, semearen eskutik jaso zuen txapela, eta hunkituta jantzi zuen, etxekoek erreleboa ziurtatu dutela ikusita. Ondoren, Edurne Olazabalek eta Onintza Loiolak santa eskerako urritz makila bana eman zieten, eta Iñigo Zubiaurrek atzorako propio sortutako bertsoen kopia bana eman zien gero Juanita Loiolak, emakume beteranoen taldekoak. Zubiaurrek berak kantatu zizkien bertsoak, eta txaloka hartu zituzten bi omenduak Aizpera batutako eskeko lagunek. Florentino Larrañagari eta Jose Antonio Loiolari egindakoa ez zen izan, baina, atzoko aitortza bakarra. Urte askoan santa eskekoei bazkaria gertatu izan dietenak ere izan zituen gogoan Iraide Loiolak hasierako aurkezpenean, bai eta santa eskeko beteranoen taldekoak ere. 

Hona, Mendaroko In Leike kultur elkarteak atzokoaz egindako laburpen-bideoa.