Mendaroko Udalari "estrategikoa" iruditzen zaio herrian bertan aisialdi hezitzailean lan egingo duen eragile bat izatea, mendaroarren artean beren herriarekiko atxikimendua sustatzeko eta, bide batez, Udalaren aisialdiko ekipamenduak herriko eragile batek kudeatzeko. Horretarako, Herriko haur eta nerabeekin aisialdian lan egin nahi? Berpiztuko dugu Trikixapo? topaketa antolatu du herriko gazteentzat udaletxeko Arno aretoan. Hiru saio aurreikusi dituzte: otsailaren 10ean, 17an eta 24an, 17:30etik 20:00etara, eta Txatxilipurdi elkartekoek gidatuko dituzte saiook. Oinherri Herri Hezitzaileen Sareko kide da Mendaro eta marko horren baitan hasi dute prozesua.
Prozesuak hiru fase izango dituela jakinarazi dute, eta une honetan bigarren fasean daudela. Lehenengo fasearen helburua herrian egon daitezkeen helduleku posibleek (kultur elkartea, guraso elkartea, gazte hezitzaile posibleak…) erronkaren aurrean kokatu eta duten jarrera aztertzea izan da, aurrera begira lurzoru komun eta egonkor bat izateko. Fase honetan hiru bilera izan dira: lehenengoan, Udal ordezkari eta teknikariaren artekoan, proposamena azaldu, kontrastatu eta formula ezberdinak proposatu zituzten; bigarrenean, gazte hezitzaile eta teknikarieen artekoan, Aisialdi Hezitzailearen kokapena egin, eta aukerak eta erronka aurkeztu zituzten; hirugarrenean, azkenik, egitasmoa juridikoki kokatzeko aukerak aztertu zituten.
Bigarren fasean, haur eta nerabeekin batera arituko diren hezitzaileek hiruna orduko hiru formazio eta hausnarketa saio bat egitea dute jasota, haiek ahalduntzeko. Saio horietan aisialdi hezitzaileaz, eta aisialdi tipo horrek herri hezitzaileen filosofian duen garrantziaz eta Mendaron egin daitekeenaz hausnartuko dute. Hirugarren eta azken fasean, berriz, aisialdiko elkarte edo eragile berriko kideei, Mendaroko aisialdiko zerbitzu finkoak kudeatzeko garatu beharreko proiektuan bidelaguntza eta aholkularitza eskainiko diete Txatxilipurdikoek.