Herriko hiru auzoak koplatu dituzte gaur Mendaroko eskola-umeek

Barren 2025ko ots. 4a, 18:15

Tradizioak agindu moduan, gaur, Santa Ageda bezpera,  kantura irten dira Mendaroko eskola-umeak kalera. Bosgarren eta seigarren mailakoek hasi dute kantu-erronda, ospitalean, eta txikiagoak batzen joan zaizkie gero bidean zehar. 

10:00etan hasi dute kantu-erronda Mendaroko eskolako ikasleek, ospitalean. Bosgarren eta seigarren mailakoak igo dira gora, eta han kantuan egin eta mokadua jan ondoren, kalera jaitsi dira gero LH3 eta LH4koekin eskola atarian batzeko. Intxarbakuntzako aldapan gora egin dute lau mailetako ikasleek gero Azpilgoetara, Eguneko Zentroraino, eta barrura sartu dira han, hango erabiltzaileei kantuan egitera. Gozatu dute adinekoek eta agurtu dituzte umeak, txaloka. Ondoren, Txokolategi parean kantatu dute ikasle eta irakasleek, eta hangoek emandako goxoekin Haurreskolarantz abiatu dira gero, Garagartzara. Zain zituzten haurreskolako txikiak, jolastokian, eta haiei beste pare bat kopla abestu dizkiete. Herriko Enparantzan, LH1 eta LH2koekin elkartu dira ondoren, eta udaletxe aurrean egin dute saiotxoa, Mendarozabalen bukatzeko gaurko kalejira.  Mendarozabalen zain zituzten 3 eta 4 urteko lagunak eta elkarrekin eman diote azkena aurtengo santa eskeari.