Adimen kognitiboa lantzeko tailerra eskainiko du Mendaroko Udalak

Barren 2025ko urt. 29a, 15:56

Burulogy teknologia erabilita adimen kognitiboa lantzeko aukera eman nahi die Mendaroko Udalak inolako nahasmendurik ez duten herritarrei.

Gaitasun mentalak (memoria, kalkulua eta buru-bizkortasuna) lantzeko eta hobetzeko diseinatutako aplikazioa da Burulogy, eta aplikazio hori erabiliko dute tailerrean. Saioak asterokoak izango dira eta hilean 10 euro ordaindu beharko da izena ematearen truke. Izena emateko azken eguna martxoaren 8a izango dela jakinarazi dute Udaletik eta taldea sortutakoan hasiko dituztela saioak. Programan parte hartzea doan da, eta udaletxera joanda eman behar da izena. Hona hemen izena emateko inprimakia online.

Ermuan dagoen Izarra Centre-ko enpresa teknologikoen haztegian sortu dituzten enpresetako bat da Burulogy enpresa. Entrenamendu kognitibora bideratutako enpresa da, batez ere adinekoentzat. Teknologia berrietara egokitutako ariketak eskaintzen ditu, funtzio kognitiboak entrenatzeko. Besteak beste, 55 urtetik gorako pertsonei aisialdirako eta entretenimendurako jokoak eskaintzen dizkiete, bai online, baita offline ere. Entrenamendu ariketak izaten dira, eta buruko jolasen bitartez, erabiltzaileei gaitasun kognitiboak mantentzea ahalbidetzen diete. Horretarako, tabletak eta smartphoneak erabiltzen dituzte. Ariketak edozein tokitatik landuz, burua sasoian mantendu dezakete erabiltzaileek. Halaber, aplikazioari esker batzen dituzten datuekin, burmuinarekin erlazionatuta dauden gaixotasunak detektatu, saihestu edo mantsotu ditzakete, Alzheimerra esaterako. Gainera, iktus, tronbosi...motetako eritasunak sortzen dituzten galerak senera etor daitezke.

Bizi-bizi programa

Bizi-bizi programa osatzera dator Burulogy, Udalaren esanetan. "Programa honek espazio sozializatzailea, errehabilitatzailea eta aktiboa eskaintzen die hauskortasun, kalteberatasun, bakardade egoeran edo mendetasun egoeran egon daitezkeen mendaroarrei". Batetik, beraz, pertsonen autonomia indartuta, mendekotasun egoerak saihestu nahi dituzte ahal den neurrian, eta bestetik, familia zaintzaileei lagundu. Herriko adinekoen bizi-kalitatea sustatu nahi dute, zahartze aktiboa eta osagarria sustatuta, eta modu horretan, euren bizi-proiektua ahal den errazen garatu ahal izateko laguntza eman adinekoei.