Guztira, 1.291 lagunek parte hartu dute aurten, hiru kategoriatan banatuta. LH1etik LH4ra bitartekoei ipuin bat eman zieten, ipuin bera, eta hura ilustratzeko lana eman zieten. Maila honetan 730 lan jaso dituzte, eta guztie horien artetik Maite Izagirre Esperezate mutrikuarraren lana apartatu dute epaile lanak egin dituzten Aitor Etxeberria eta Jaime Zamakola artistek. LH5etik DBH2ra bitartekoek alderantzizko lana egin behar zuten: emandako ilustrazio batetik ipuina sortu, eta 428 idazlan aurkeztu dituzte. Iñaki Goitia idazle eta Mendaroko liburuzainak eta Ainara Argoitia kazetariak egin dituzte epaile lanak eta Elgoibar Ikastolako Malen Bilbaoren lana nabarmendu dute. Nagusien kategorian, berriz, DBH3 eta DBH4ko ikasleek parte hartu dute, eta haien lana komiki bateko hutsuneak betetzea izan da. Amagoia Zabala gizarte-langileak eta Olaia Revert Lan-osasuneko erizainak, biak ere liburu bana idatzitakoak, egin dituzte epaile lanak kategoria honetan eta 133 lanen artetik Nuhaa Furnierrena (Elgoibar BHI) aukeratu dute. Frontoian egin dute sari banaketa ekitaldia, eta epaileez gain, Enetz Ezenarro alkateak eta Dorleta Lazarobaster Kultura zinegotziak parte hartu dute. Aurkezle lanak, berriz, Paul Lopezek egin ditu.