Zubia erabat modernizatu dute, eta altzairuzko habe metalikoekin indartuta jatorrizko eraikuntzaren gaineko lan-karga arindu dute. Era berean, espaloiak bi metrotara zabaldu dituzte, oinezkoentzako irisgarritasuna eta segurtasuna hobetuz, eta "segurtasun estandar zorrotzenak" betetzen dituzten eusteko sistema homologatuak ere jarri dizkiote.
1970eko hamarkadaren hasieran eraiki zuten orain berritu duten zubia, Garagartza auzoa Azpilgoetarekin eta N-634 errepidearekin lotzen zuen San Antonioko harrizko zubi zaharraren alternatiba gisa. Uholdeetan eragiten zuela arrazoituta eraitsi zuten San Antonioko zubia eta lotura bakar gisa laga zuen zubi hau. Ordutik, asko hazi da Mendaro. Garagartza auzoan nabarmen egin du gora biztanleriak, Deba ibaiaren eskuin alde horretan bi industrialde eraiki dituzte eta eskualdeko ospitalerako trafikoa ere handitu da. "Mendaroko biztanleentzat argi zegoen azken urteetan zubiak jasaten zuen trafikoak ez zuela zerikusirik diseinatu zutenean jasaten zuenarekin. Zubia indartu eta egoera berrietara egokitu behar zen, denborarekin bat datorren zerbitzua emateko, bai ibilgailuen trafikoari dagokionez, bai oinezkoei dagokienez. Gure ustez, ekintza honekin erantzun egokia ematen zaio arazo honi", esan du Enetz Ezenarro alkateak, Gipuzkoako Foru Aldundiak zabaldu duen prentsa oharraren bidez. Ildo beretik mintzatu da Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusia ere. Obraren garrantzia azpimarratu du Mendozak eta esan du Mendarorako sarbideko zubia berritzeak ez duela epe luzerako funtzionaltasuna bakarrik bermatzen, baizik eta jauzi kualitatiboa dakarrela bide-segurtasunari eta irisgarritasunari dagokienez. “Gaur egun, Mendarok zubi seguruagoa, eskuragarriagoa eta herritarren egungo beharretara egokitua du". Gainera, hobekuntzak balioan jarri ditu, esate baterako, drainatze-sistemak modernizatzea eta funtsezko zerbitzuak berritzea, hala nola ur-hornidura, telefonia eta elektrizitatea, orain funtzionamendu eraginkorrago baterako optimizatuta daudenak". Horren harira Aldundiak Gipuzkoako azpiegitura estrategikoekin duen konpromisoa berretsi du diputatu nagusiak.
2.871.110 euroko inbertsioa
Lanek 2.871.110 euroko inbertsioa izan dute, eta 2024ko abenduaren amaieran bukatu zituzten. Hasiera-hasieratik esan zuten erronka handiak gainditu behar izango zituztela obra honetan, eta zailtasun nagusien artean aipatu zituzten trafikoa zabalik mantenduta egin behar izan dituztela lanak, Garagartza auzorako, industrialderako eta ospitalerako lotura bakarra delako zubia. Gainera, ura, telefonia eta elektrizitate lineak ere bertatik pasatzen ziren eta horiek ere kudeatu behar izan dituzte beste enpresa batzuekin. Horrez gain, egurrezko pasabidea egitura berriarekin lotzeko ere uste ez ziren doikuntza teknikoak egin behar izan dituzte. Behean, egurrezko pasabidea egitura berrituari lotu zioteneko argazkia, Ion Urbietarena.