Oinez agertu dira Mendarora erregeak eta laguntzaileak, Aranerrekatik eta Presapen zain zuten traktorera igo dira gero. Pello Agirregabiria eta Gaizka Lazarobaster gidari zituztela, Trinitatera arteko bidea egin dute traktorean, Herriko Enparantzatik buelta eginda, eta han, baselizan, jaso dituzte herriko umeen gutunak. Kalejiran Ameikutz musika eskolako trikitilariak eta txistulariak izan dituzte lagun hiru errege magoek, eta haiek lagunduta sartu dira Trinitaten ere, faroltxoak zeramatzaten dozena inguru umek babestuta. Aulki banatan eseri dira gero altarean, eta Paul Lopez aurkezlearen galderei erantzun diete. Bi kantu abestu dizkiete ongietorrira batu diren herritarrek gaurko hiru protagonistei, eta ondoren, postontzia jarri dute erregeen laguntzaileek umeek bertan utzi zitzaten beren gutunak. Erregeek banan-banan hartu dituzte herriko haurrak altzoan eta goxokiak eta txokolateki bana banatu dizkiete.