17:00etan zuten ordua jarrita, baina eguraldia gorabehera, ordubetetik gorako atzerapenarekin iritsi dira Olentzero eta Mari Domingi Garagartzara, Moxuaneko atari aurrera. Atzeratuko zirela zabaldua zuten, jakina, baina luze eginda ere bazeuden haur asko, gutunak eskuan hartuta. Oinez agertu dira Olentzero eta Mari Domingi, besotik helduta, eta Antonio Iriondo Kapainek eta Agustin Lazarobaster Torrek egindako traktorera igota egin dute Trinitate baselizara artekoa, Agustinen seme Gaizka eta suin Pello Agirregabiria gidari zituztela. Atzetik, esku-argiak hartuta dozenaka ume joan dira, bi ilaratan, eta ondoren, eguraldi txarrari aurre eginda harrerara batu diren dozenaka eta dozenaka herritar. Guztiei bidea zabalduz, Ameikutz musika eskolako txistulariak joan dira aurretik.
Euriaren erruz, ohi baino ibilbide motzagoa egin dute gaurkoan. Garagartza gurutzatu, estazio aurretik Mendarozabalera igaro eta Trinitaten bukatu dute ibilbidea. Han zain zituzten eliza bete lagun harrera egiteko. Ameikutz musika eskolako trikitilarien atzetik sartu dira baselizan gaurko bi protagonistak, altareraino. Han zain zuten Paul Lopez aurkezle lanak egiteko, bai eta dantzari talde bat eta Mendaroko bertso-eskolako ikasle gazteak ere. Agurra dantzatu die zazpi laguneko dantzari taldeak, eta Olentzeroren kantua abestu dute gero baselizan bildutako guztiek. Ondoren, aurkezlearen galderak ere erantzun dituzte Olentzerok eta Mari Domingik, eta atzetik, bertso-eskolako ikasleek kopla bana abestu diete. Eguberrietako kontuak izan dituzte kantagai bertsolariek: opariak, arbola, Napo astoa, erosketak herrian egitearen ona, Olentzero eta Mari Domingiren traktorea, eta traktorea eraiki zuten bi lagunak: 2014an zendu zen Antonio Iriondo Kapain, eta iazko udaberrian hil zen Agustin Lazarobaster Torre. Bertsolarien txanda eta gero, Mari Domingiri abestu diete, eta bukatzeko, Olentzerok eta Mari Domingik berak hartu dute hitza, eta aurrez bertsolariek kopla kantuan aipatutako bi lagunak ekarri dituzte haiek ere gogora. Herrigintzan lan handia egindako gizonak izan ziren biak ala biak, eta omenaldia jaso dute gaur biek horrenbeste maite izan zuten Trinitate elizan.
Ameikutz musika eskolakoen izenean, Olentzerok eta Mari Domingik oroigarri bana banatu diete Agustin Lazarobaster zenaren alargun eta seme-alabei, eta akorduan izan dituzte Antonio Iriondoren senide gertuak ere.