Eguberrietako oporraldian urteroko zita dute Mendaron haur krosa. Mendarozabalen egokitu dute zirkuitoa antolatzaileek, eta adinka banatuta parte hartu dute HH5etik LH6ra arteko ikasleek. Izena ematearekin batera, Mendaro herria sortu zeneko kamiseta bana banatu diete parte-hartzaileei antolatzaileek, eta azaldu dituzte joko-arauak. Gogorarazi dute lagunartean kirola egin eta euskararen erabilera sustatzeko helburuz antolatzen dutela urtero haur krosa, eta jarri dituzte arku azpian txikienak, hasteko. HH5eta LH1ekoek elkarrekin egin dute korrika, eta haien atzetik, mailaka banatuta, gainerako denek. Gogotik saiatu dira korrikalari gazteak, eta txaloka animatu dituzte ikusleek. Bukaeran, eta gaur San Tomas eguna izaki, txistorra ogibitarteko bana eta ura edo freskagarria jaso dute parte-hartzaile guztiek.