Altxa Burua taldeak eta Mendaroko Udalak antolatuta Mugikorren auzia izeneko formakuntza-saioak izan dituzte azken bi asteotan Mendaron, bi hizkuntzatan. Hezkuntza kontuetan eta osasun digitalean aditua den Telmo Lazkanok eman ditu saio horiek, eta 50 lagun baino gehiagok parte hartu dute haietan. Interneterako sarrera duten gailuak ematea atzeratzea, eskolak sakelako telefonorik gabeko arnasgune bihurtzea, hezkuntzaren digitaliazioaz gogoeta egitea, helduak eta seme-alabak teknologiaren erabilera egokian trebatzea eta herritarrak kontzientziatzea dituzte helburu Altxa Burua taldekoek, eta hain justu ere, azken horri erantzuten dio Gabonetako kanpainak: kontzientziazioari.
Arduratuta daude sakelako telefonoen eta oro har Internera sarbidea duten gailuen inguruan sortzen ari diren arazoekin eta eragiten duten menpekotasunarekin, eta horren gaineko kontzientzia sustatzeko Oparitu momentuak eta ez megak kanpaina hasi dute, Gabonei begira. Jakin badakite kulturalki onartuta dagoela sakelako telefonoa oparitzea seme-alabei adin jakin batera iritsitakoan edota ondo egindako zerbaitengatik saritu nahi direnean, baina halako opariek arrisku asko ezkutatzen dituztela ohartarazi nahi dute. Eta horretarako hainbat galdera plazaratu dituzte, hausnarketarako: haur eta gazteek badakite sare sozialek nolako manipulazio-estrategiak erabiltzen dituzten gure atentzioa erakartzeko eta mantentzeko? Badakite erreferentetzat dituzten tik toker, gamer tea sasi-influentzerrek esaten eta egiten dutenarekiko kritiko izaten? Badute horretarako erremintarik eta eskarmenturik? Emozionalki eta afektibo-sexualki hezi ditugu? Sakelako telefonoen erabilera kritiko eta arduratsua egiteko prestatu al ditugu? Prestatu al ditugu eta prestatu al gara gu geu ere presio sozialari aurre egiteko? Nola egiten diogu aurre? Konturatu al gara pantailari begira ematen dugun denbora falta izaten dugula oinarrizko beste gauza asko egiteko?
Ohartarazi dute, ere berean, geroz eta gutxiago direla teknologiarik gabeko espazioak familietan, seme-alabekin kalitatezko denbora pasatzeko eta egunerokotik deskonektatzeko, eta Gabonetako opariak aukeratzen hasi aurretik guzti horren inguruan pentsatzeko eskatu dute, bai eta mugikorra, noiz? galdetu ordez mugikorra, zertarako? galdetzeko proposatu ere.