Mikel Urretagoiena Trio taldearen kontzertuarekin hasiko dute Mendaron lau kontzertuko kontzertu zikloa

Barren 2024ko abe. 11a, 10:36

M.U.T. taldeko kideak: Dani Pozo, Mikel Urretagoiena eta IƱigo Ruiz de Gordejuela.

Lau kontzertuko jazz zikloa antolatu dute Mendaron eta zapatuan (abenduak 14) izango da estreinako kontzertua, Mikel Urretagoiena bateria-jolearen M.U.T (Mikel Urretagoiena Trio) taldearena.

Mikel Urretagoiena bateria-jole ordiziarrak irailean argitaratu zuen disko berria aurkeztuko du San Agustin kulturgunean emango duen kontzertuan: Denbora. Euskal jazzaren belaunaldi berriko artista handietako bat da Urretagoiena, Madrilen egonkortua, eta Dani Pozo baxu-jotzailearekin eta Iñigo Ruiz de Gordejuela piano jole mendaroarrarekin hirukoa osatuta dator Mendarora, haiekin grabatu baitu bere bakarkako lehen lana dena. Kontzertuaren ondoren, jam session saioa egingo dute eta musikari guztiak gonbidatu dituzte.

Mikel Urretagoiena berak azaltzen ditu Denbora diskoaren nondik norakoak honako bideoan.

Euskal Herriko Goi Mailako Zentroan, Musikenen, ikasketak amaitu eta Herbehereetara joan zen Urretagoiena Jazz Bateria Masterra egitera. New Yorken bizi izan zen gero bost hilabetez, eta mundu mailako musikari erreferenteengandik ikasteko aukera izan zuen han. Ikasketak amaitu eta Madrilen hasi zuen bere ibilbide profesionala. Estilo ezberdinetako hainbat talderekin aritu da azken urteetan zuzenekoak ematen eta diskoak grabatzen. Horietako batzuk izan dira TheMachetazo, Primital, Griffo, Ander Garcia Trio, Dani Pozo 4tet eta Rachel Therrien. Orain, jaioterrira itzulita dago eta irailean grabatu zuen bakarkako estreinako lana, hirukote formatuan. Euskal Herritik atzerrirako eta atzerritik herrirako lekualdaketek eragin dizkioten gorabeherak jaso ditu diskoan. Bederatzi kantuk osatzen dute diskoa, eta horietatik zortzi bere obra dira, eta bestea, Benito Lertxundi euskal kantariaren kantu baten bertsio bat da, hain justu ere, Nire herriko neskatxa maite kantuarena

  • Kontzertua San Agustin kulturgunean izango da, 20:30ean hasita, eta sarrerak 15 euroan jarri dituzte salgai Uztargi tabernan. Aurrez agortu ezean, egunean bertan ere eskuratu ahal izango dira sarreran bertan.


Lau kontzertuko jazz zikloa

Mendaroko Uztargi tabernak eta Galle-tiak gozotegiak Gararock taldearen laguntzarekin antolatu duten jazz zikloko aurreneko kontzertua izango da zapatukoa. Ziklo beraren baitan beste hiru kontzertu iragarri dituzte otsailaren 14rako (Reinier Elizarde eta Marina Lledo), apirilaren 25erako (Juan de Diego) eta eta uztailaren 17rako (Haizea Martiartu).