Ansorregik eta Zelaik nagusitasunez gainditu zuten Mallabian jokatutako kanporaketa, eta 16:49ko denboran bukatu zituzten lanak, Lucia Orbek eta Malen Barrenetxeak baino 3 minutu eta 15 segundu azkarrago. Asteasun jokatuko dute Urrezko Aizkolarien Kopako finala, abenduaren 31n. Finalera begira, zuhurtzia nabari da bi finalisten berbetan "Gauza bat da finalera heltzea eta beste bat irabaztea. Lan egin beharko dugu, baina badaukagu denbora pixka bat ere, beraz, saiatuko gara ahal dena egiten", esan dute.
Ezpeleta finalera iristeko aukerekin
Mallabiko herri kirol jaialdi berean jokatu zuten X. Urrezko Aizkora Kopa "Eusko Label Saria" Txapelketako kanporaketa ere. Sei aizkolari aritu ziren lehian, tartean Hodei Ezpeleta mendaroarra. Julen Alberdi Txikia IV izan zen lanak amaitzen azkarrena, -11 minutu eta 07 segundoko denborarekin-, eta finalerako txartela eskuratu zuen aizkolari azkoitiarrak. Bigarren eta hirugarren denbora onenak Ibai Soroak eta Hodei Ezpeletak egin zituzten (11:41 eta 11:47, hurrenez hurren). Batak zein besteak dute finala jokatzeko aukera, baina horretarako indarrak neurtu beharko dituzte aurretik, datorren domekan, Otxandion. Garailea Asteasuko finalean izango da.