Hala, ahoz aho eta sare sozialak erabilita, herrira zabaldu zuen mezua Vanesa Mateos haurreskolako arduradunak, aurrez Valentziarako beste bilketa kanpaina bat sustatu zuten herrikideen laguntzarekin. 0-6 urtera bitartekoentzako materiala eskatu zuten bereziki, baina beste adin batzuetako haurrentzako materiala ere jaso zuten. Galle-tiakek utzitako lokalean bildu zuten material guztia, eta lotu zuten materiala Valentziara eramateko garraiolaria ere haurreskolakoek, Ertz galdaragintza enpresako Ladis Perez.
Joan zen barikuan kargatu zuten kamioia eta larunbat goizez abiatu zen Perez Valentziarantz, aurrez lotutako hiru eskolatan materiala uztera. Algemesiko haurreskola batean utzi zituen 0-3 urte bitartekoentzako jolasak eta materiala eta Catarrojako eta Massanassako beste bi ikastetxetan 3 eta 6 urtera bitartekoentzakoak. Adin horretatik gorakoentzat bildutako materiala gizarte laguntzan ari den abade baten esku utzi zuten. Mendaron garraioa lotuta zutela baliatuta, Zaldibarko haurreskolakoek ere Mendarora ekarri zuten material guztia barikurako, kamioi berean bidaltzeko Valentziara.