Matxismoaren kontrako borroka lehen lerroan jartzeko eskatu dute Mendaron

Barren 2024ko aza. 26a, 09:29

Emakumeen aurkako indarkeria, indarkeria matxista, gertakari unibertsala eta egiturazkoa dela salatu dute Mendaron, eta matxismoaren kontrako borroka lehen lerroan jartzeko eskatu dute. 

Itaia Emakumeen Antolakunde Sozialistak deituta elkarretaratzea egin zuten atzo iluntzean Mendaron, Indarkeria Matxistaren Nazioarteko Egunaren karietara. Indarkeria matxistaren aurka borrokatu! Emakume langileok sozialismoa eraiki zioen kartelaren atzean dozenaka lagun elkartu ziren. Isila izan zen oro har elkarretaratzea, baina tarteka indarkeria matxistaren kontrako leloak ere entzun ahal izan ziren deialdira batutakoen artetik. Bukaeran, Itaiako bi kideren artean manifestua irakurri zuten.

Besteak beste salatu zuten enpresek eta instituzioek "aurpegi zuriketarako" eguna egin dutela azaroaren 25a, baina azpimarratu zuten Itaiarentzat borrokarako eguna dela: "Matxismoaren aukako borroka lehen lerroan jarri eta matxismoa amaituko duen antolakuntza politikoa aldarrikatu nahi dugu". Datuak ere eman zituzten. "2024an, gutxienez, bost emakume erail dituzte Euskal Herrian. 2023an, Hego Euskal Herrian, egunero, 24 eraso salatu ziren, eta gehiago dira isildu direnak". Egoeraren larriaz ohartarazi zuten, bai eta erasook kalean duten oihartzun txikiaz ere. Kultura matxista hedatzen ari dela nabarmendu zuten, eta "oldarraldi erreakzionarioaz" ohartarazi: "Talde eskuindarrek eta ultraeskuindarrek ez dute emakumeon zapalkuntza amaitu nahi; zapalduta mantendu nahi gaituzte; menpekoak nahi gaituzte, otzanak, esanekoak. Emakumeon eta kolektibo zaurgarrien aurkako ideologia baztertzailea da haiena". Horren harira esan zuten indarkeria matxista ukatzen duten horiek direla, hain justu, indakeria matxista kasuak diskurtso arrazistak zabaltzeko erabiltzen dituztenak, baina errealitateak erakusten duela erasotzaileak sektore eta jatorri ezberdinetakoak direla. 

Politikarien "hitzontzikeriez eta itxurakeriez" ere nazkatuta daudela salatu zuten: "Promesa faltsuak egin dizkigute, kaleko mobilizazioa instituzionalizatu dute eta estatuko instituzioetan akomodatu dira. Horrela ezin zaio matxismoari aurre egin, ezta faxismoaren gorakadari ere. Kontrara, politika geroz eta autoritarioagoak aplikatzen ari dira alde bateko zein besteko alderdiak". Indarkeria matxista behin betiko desagerrarazteko indarrak batzera deitu zuten, eta dei bat ere zabaldu zuten, emakumeei zuzenduta: "Emakumeok lehen lerroa hartu behar dugu,  modu independentean antolatu eta matxismoaren kontra borrokatu behar dugu": 

Biktimak oroitzeko ekintza

Orduerdi inguruko elkarretaratzea izan zen, eta ondoren, Tratu Onen Aldeko Taldeak antolatuta, eta indarkeria matxistaren biktima izan diren guztiak oroitzeko, urteroko ekintza egin zuten plazan, Elina Chauvetek Mexikon 2009an hasitako zapata gorrien artelan kolektiboaren erreplika modukoa. Elkarretaratzera batutakoetako zenbait plazan aurrez jarrita zituzten zapata gorri pare banaren ondoan kokatu ziren, eskuan indarkeria matxistaren biktima izan direnen izen-abizenak zituzten kartelak zituztela, eta haiei guztiei babesa ematen gelditu ziren gainerako guztiak plazan.