Azaroaren 25eko ekimenen barruan, indarkeria matxistaren kontrako murala margotu dute Mendaron

Barren 2024ko aza. 24a, 15:31

Indarkeria Matxistaren Kontrako Nazioarteko Eguna da bihar, azaroaren 25a, eta horren harira hainbat ekintza egin dituzte Mendaron asteburuan Tratu Onen Aldeko Taldeak, Gazte Asanbladak eta Itaiak, Euskal Herriko emakumeen antolakunde sozialistak deituta. Biharko, biktima guztiak oroitzeko ekintza antolatu dute. 19:30ean egingo dute, plazan.

Indarkeria matxistaren aurka, kaleak hartu! dioen murala marraztu zuen atzo gazte talde batek frontoi atzeko horman, bi koloretan. Hiru ekintza zituzten atzorako deituta Tratu Onen Aldeko Taldeak, Gazte Asanbladak eta Itaia taldeak, eta horixe izan zen eguneko lehen lana. Murala bukatu zutenean, elkarrekin bazkaldu zuten brotxak eta margoa hartuta lanean jardun ziren gazteetako batzuek, jubilatuen ondoko lokalean. Bazkari autogestionatua izan zen, iragarria zuten moduan, eta ondoren, jende gehiago batu zitzaien, zine-forumerako. Guztira, adin ezberdinetako hogei bat lagun elkartu ziren Ellas hablan filma ikusteko. Mendaroko Tratu Onen Aldeko Taldeko Ainara Egigurenek eta Teresa Bailachek egin zituzten aurkezpen-lanak, eta haiek gidatu zuten emanaldi osteko solasaldia ere. 

Bihar, astelehena, elkarretaratzea 19:00etan, eta zapata gorrien ekintza, 19:30ean

Biharko, berriz, bi ekintza daude deituta. Batetik, elkarretaratzea deitu du Itaiak 19:00etarako, plazan, eta parte hartzera deitu dituzte herritarrak. Elkarretaratzearen ondorenerako, urteroko ekintza antolatu du Mendaroko Tratu Onen Aldeko Taldeak. 19:30ean izango da hori.  Indarkeria matxista egiturazko arazoa dela salatuko dute, biktima izan diren guztiak oroitzeko plazan egingo duten ekintza horren bidez. Feminicio.net-en jasotako biktima kopurua zabaldu dute Tratu Onen Aldeko Taldetik, eta haien inguruko datuak zabaldu dituzte beraien blogean (https://mendarokotratuon.blogspot.com). Herritarrei eskatu diete aukeratzeko haietako bat eta leihoetan jartzeko. Ondoren, kasu guzti horien inguruan gogoeta egin, eta orri batean biktimentzako mezua, indarkeriaren kontrako aldarriren bat edo etorkizunerako desioren bat idazteko eskatu diete eta eramateko bihar, astelehena, plazara, 19:30ean hasiko duten ekintzan erakusteko. "2023ko datuak aztertuz, ikus genezake Euskal Herriko kasu kopurua esanguratsua dela lurraldearen tamaina kontuan izanda eta beste komunitateekin alderatzen badugu. Femizidioa matxismoaren estrukturaltasunaren isla da; emakume hauek euren burujabetza eskubidea efektibo egiten saiatzeagatik hil dituzte. Arazo larria da, eta gurean ere inzidentzia esanguratsua du, ezin dugu beste alde batera begiratu. Har ditzagun kaleak, egin dezagun publiko gure kezka eta konpromisoa. Ezinbestekoa dugu ahizpatasuna sustatzea eta eremu publikora eramatea; elkarrekin geldiezinak gara!", zabaldu dute  Tratu Onen Aldeko Taldearen blogean.