Altxa Burua taldea sortu du Mendaron teknologiaren gehiegizko erabilerarekin kezkatuta dagoen guraso talde batek, izen bereko Gipuzkoako sarearen baitan. Pantailen erabilera goiztiarrak haurren garapen fisiko, emozional eta intelektualean dituen ondorioekin daude kezkatuta, eta elkarri laguntzeko eta indarra egiteko batu dira Altxa Burua sarera. Hiruzpalau helburu zehaztu dituzte: seme-alabei Interneterako sarrera duten gailuak ematea atzeratzea; eskolak sakelako telefonorik gabeko arnasgune bihurtzea; helduak eta seme-alabak erabilera egokian trebatzea, etxeko helduak eredu izanda; eta kontzientziazioa sustatzea. Helburuak nagusiki horiek izanda ere, hezkuntzaren digitalizaziorekin ere kezkatuta daudela aitortu dute. Ikusten dute seme-alabak teknologia berrietan alfabetatzeko eta trebatzeko beharra, tresna baliagarriak izan daitezkeelako ez ezik, gizarte digital batean bizi garelako eta belaunaldi berriak erabiltzaile kontziente izateko hezi behar direlako, baina hori nola egiten ari den horrek kezkatzen ditu.
Beste askotan moduan, kezka batek elkartu ditu. Sakelako telefono eskean hasita zituzten seme-alabak etxean Mendaroko Altxa Buruako talde eragilean daudenetako batzuek, eta ingurukoen etxeetan hasitako gerra hori aurreikus zezaketen epe laburrean beste zenbaitek. Baziren baita ere seme-alabei telefono adimenduna nahi baino azkarrago ematera behartuta sentitu ziren gurasoak, edo besterik gabe, gaiak zer pentsatua ematen zietenak. Ezinegon horrek ekarri zituen haietako batzuk Elgoibarrera, Amatau Mobilak elkarteak eskatuta, Elgoibarko Udalak otsailean antolatu zuen Telmo Lazkano irakasle eta dibulgatzailearen hitzaldira (Zumaia, 1994). Gero, maiatzean, Amatau Mobila taldekoek egin zuten hausnarketa-bileran ere parte hartu zuten beste zenbaitek eta bilera hartan entzundakoek piztu zuten haiengan Mendaron ere indarrak batzeko gogoa. LH2ko guraso talde batek jarri zuen lehen hazia. Bildu ziren dozenatik gora lagun, hitz egin zuten luze eta zabal nork bere esperientziatik, azaleratu zituzten kezka eta behar askotarikoak, eta bi ondorio nagusi atera zituzten: derrigorra zela hausnarketa indibidualetik kolektibora salto egitea eta gizartea formatzea, eta helburua teknologiaren erabilera egokia bultzatzea izanik, talde hura ezin zela, inolaz ere, seme-alabei eskuko telefonoa eman ez zietenentzako esklusiboa izan. Beste modu batera esanda, ez zela inor epaitzeko taldea izango hura, baizik eta teknologia berriekin harreman osasuntsua izatea nahi luketen guztiak formatzeko eta belaunaldi berrien ongizatea ziurtatzeko lan egingo zuena.
Familietan kezka zenbaterainokoa zen neurtzeko, eskolako familien artean zabaltzeko inkesta prestatu zuten estreinako bilera hartan. Guraso elkartearen bidez zabaldu zuten inkesta familietara, eta 70 ikasleren familiek erantzun zuten (ikasleen %38). Erantzun zuten guztiak kezkatuta agertu ziren haurrek egin dezaketen sakelako telefonoaren erabileraz, eta guraso gisa zerbait egiteko beharra sentitzen ote zuten galderari 'bai' erantzun zioten guztiek. Horietatik %96, gainera, prest agertu ziren, guraso ekimen bateratu batean parte hartzeko.
Eta halaxe, inkestaren emaitzek hauspotuta sortu zuten talde eragilea izango zena. Irailean egin zuten lehenengo bilera eta zehaztu zuten bide-orria izango zutena, inguruko herrietan egiten ari zirena erreferentziatzat hartuta. Hasteko, herriko guraso elkartearen babesa bilatu zuten, eta behin hori ziurtatuta, elkarrekin egin zuten Altxa Burua Gipuzkoatik abiatutako sinadura kanpainarekin bat egiteko deia. Kanpaina hartan Jaurlaritzari eskatzen zioten sortzeko beharrezkoa zen marko juridikoa eskolak sakelako telefonorik gabeko arnasgune bihurtzeko eta sustatzeko kontzientziaziorako kanpainak, "zorroztasunez azalerazteko" telefono adimendunek adingabeen osasunean izaten ari diren eragin kaltegarria. Eta horixe izan zen beren buruei jarri zieten erronka ere: kontzientziazioan eragitea.
Mendaroko Udalaren eta eskolaren babesa
Udalean eta eskolan aurkeztu dute taldea eta elkarlanerako gertu agertu zaizkie herriko bi eragile nagusiak. Eta orain, Udalarekin elkarlanean, Mugikorraren auzia izeneko formakuntza saioa iragarri dute hilaren 27-28rako (euskaraz) eta abenduaren 9-10erako (gaztelaniaz), eta aurreratu dute saio horiek probestuko dituztela herritarrei Altxa Burua Mendaro taldea aurkezteko.
Mugikorraren formazio integrala: Zer dugu benetan esku artean? izango da lehenengo saioaren izenburua, eta Arrisku eta irtenbideak: Nola eraiki dezakegu harreman osasuntsu bat? bigarrenarena, eta formato hori bera errepikatuko dute gero abenduaren 9an eta 10ean, baina gaztelaniaz. Lau saioak udaletxeko udalbatza aretoan izango dira, 18:00etan hasita, eta antolatzaileek nabarmendu dute haur eta nerabeen eredu izan daitekeen edonorentzako formakuntza dela. Horregatik, herriko eragile guztiak gonbidatu dituzte parte hartzera, ezinbesteko ikusten dutelako lanketa herri mailara zabaltzea.
Lehenengo saioa teorikoa izango da, eta bigarrena, praktikoa. Saio teorikoan marko orokorra azalduko du Lazkanok eta honako galdera hauei erantzungo die, besteak beste: Zein da sare sozialen benetako negozioa eta beren alde ezkutua? Nola lortzen dute gu pantailara itsatsita mantentzea? Zein dira haien teknika teknologiko eta psikologiko nagusiak horretarako, eta zeintzuk haien ondorioak? Nola funtzionatzen du nerabeen garunaren aparatu emozionalak eta zeintzuk dira erabilera goiztiar eta desegoki baten ondorioak?. Saio praktikoan, berriz, nerabeek telefonoarekin harreman osasuntsu bat izateko eskura ditugun tresnez, mugez eta abarrez arituko da.
Altxa Burua Mendaro taldeak kanala dauka Telegramen: t.me/altxaburuamendaro