Etxebizitza Planaren txostena aurkeztuko du Mendaroko Udalak jendaurrean azaroaren 28an

barren 2024ko aza. 22a, 09:54

Mendaroko etxebizitzaren problematikaren inguruko azterketa eta diagnostikoa egin eta hor detektatutako gabezia nagusiei agintaldi honetan erantzuten hasteko bide-orria prestatzeko eskatu zion Mendaroko Udalak IKEI enpresari, eta plan hori da azaroaren 28an aurkeztuko dutena (udaletxeko Otaerre aretoan, 19:00etan).

Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Saileko arduradunekin elkarlanean Mendarorako neurri konkretuen bideragarritasuna aztertzeko eta baliabideak eskaintzeko lanean dabil Mendaroko Udala eta horren berri ere emango dute batzarrean. Azken urteetan alokairura edo etxebizitza berriak eraikitzera bideratutako ahaleginak egin direla esan dute Udaletik, baina ez dutela eman espero zen emaitzarik, eta horren aurrean bi ekinbide zabaldu dituela udal gobernuak, Jaurlaritzarekin bildu ondoren.

Otsailean bilera egin zuten Gasteizen Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza Saileko arduradun eta teknikariekin, Jaurlaritzak dituen programa desberdinen inguruan informatzeko eta Mendaron egin ahalko liratekeen aktuazioen inguruan iritziak partekatzeko. Bilera hartan bi kontu adostu zituzten: Udalak proposatutako aktuazio konkretuen bideragarritasuna aztertuko zuela Jaurlaritzak, eta bestetik, Udalak Etxebizitza Plan bat idaztea. Udalak IKEI enpresari eskatu zion martxoan  txosten hori idaztea, eta horixe da datorren eguenean, azaroaren 28an, jendaurrean aurkeztuko dutena: Etxebizitza beharren ikerketa Mendaron izeneko txostena. Udaletxeko hirugarren solairuan izango da aurkezpena, Otaerre aretoan.