Gaurkoaz gain, hilaren 14rako beste bi bilera lotu dituzte: adinekoentzako aurkezpen saioa (10:30ean, jubilatuetan) eta diagnostikoa egin eta proposamenak jasotzeko talde-bilera (18:30ean, udaletxean). Ingurune osasungarri eta inklusiboak irudikatzen laguntzeko enpresa da Projekta Urbes.
Hirigintzak zer eragin dauka gure egunerokoan?
Handia. Hirigintza gauza abstraktotzat daukagu askotan, baina espaloi bat zabaltzeko erabakitik hasi eta plaza baten izaera zehazterainoko erabaki guztiak sartzen dira hor. Eguneroko ibilietan jabetzen gara zuhaitzak traban dauzkagula espaloietan, koskak dauzkagula bazter guztietan... Gauza batzuk onartuta dauzkagu gizarte gisa, baina erreparatu behar diogu espazio publikoaren okupazioari, askotan uste arren espazio hori denok modu berean okupatzen dugula beti ez delako hala izaten.
Bistan da gaizki dagoen guztiaren errua ez dela hirigintzarena, eta hirigintzak ez dituela, ezta ere, arazo guztientzako konponbideak, baina garbi izan behar dugu hirigintzan hartzen diren erabakiek guztioi eragiten digutela, eta gainera, denbora luzerako izaten direla. Horregatik, garrantzitsua da denon ikuspegia aintzat hartzea, edo gutxienez saiatzea, onartuta, hori bai, beti egongo dela jende bat kaltetuagoa izango dena beste jende bat baino, herritar guztion bizi-baldintzak eta bizi-ohiturak ez direlako berberak. Baina hirigintza ez da neutroa. Ebidentzia zientifiko asko daude erakusten dutenak osasun kontuetan, adibidez, kode postala kode genetikoa bera baino garrantzitsuagoa dela.
"Espazio publikoen berrantolaketa" irakurrita, ziur herritar askok ez dutela beren ardurako sentituko gai hau, eta hala dela ulertuta ere, izango dira beren buruari behar beste gaitasun edo ezagutza aitortzen ez diotenak. Zer esango zenieke?
Hain justu ere, horregatik nabarmendu dugu prozesu honetan ez ditugula hirigintzan adituak behar, baizik eta Mendaron bizi edo kalean denbora asko ematen dutenak. Mendaron nola bizi nahiko luketen pentsatzen jarri nahi ditugu. Eskatuko diegu aztertzeko zer duten gustuko, noiz dauden gustura kalean daudenean, eta zerk ez duen bat egiten beren bizi-desioekin. Etorkizun desiragarriak imajinatu behar ditugu, kolektiboki. Ezin dugu pentsatu gure gauza desiragarriena astebetez oporretara joatea izan behar denik. Egunerokoak izan behar du erakargarri eta sexya, eta helburu hori lortzeko pausoak ematen hasi, hirigintzako erabakiak kostata hartzen direlako baina behin hartzen direnean denbora luzerako izaten direlako.
Etxebizitzak saltzeko egiten dituzten infograma horietako bat irudikatu behar dute. Infograma horietan beti agertzen dira berdeguneak, haurrak kalean globoekin jolasean, adineko jendea pasiaran pozik, baina eraikitzen dituzte etxeak eta akabo infogrametako irudi eder horiek! Asko jota, eraikiko dute haurrentzako parke bat, jarriko dituzte eserleku batzuk traba gutxien egiten duten lekuan eta zeri begira egon ez dagoen tokietan, desagertuko dira zuhaitzak... Asfaltoaren neurriak, seinaleztapena eta obraren exekuzioa bikain zainduko dira, baina infograman suma daitekeen bizi-kalitate hori lortzeko gainerako faktoreak ez dira modu berean zaintzen. Genero ikuspegitik guk esaten dugu bizitza produktiboak (soldatapeko lana) sortutako arazo eta beharrei ematen zaiela erantzuna, baina bizitza erreproduktiboak (bizitza sostengatzen duen gainerako dena) sortutako beharrei ez zaiela modu berean erantzuten.
Esan gabe doa ez dela erraza hori lortzea, nahiz eta gero eta arkitekto eta soziologo gehiago dabiltzan horretan pentsatzen. Baina misterio bat ere ez da. Garbi daukagu, adibidez, denoi gustatzen zaigula zerbait egiten ari den jendeari begira egotea. Bada, gauza bat badakigu; beraz, har dezagun kontuan hirigintza-irizpideetan.
Nago ikusmira hori Herriko Enparantzara mugatuegia dagoela Mendaron.
Bai, lehen gehiago egoten ginen gure auzoetan, aktibitatea gure auzoetan zegoelako, baina pixkanaka hori aldatzen joan da. Eta ez da bakarrik Herriko Enparantza sortu zelako izan, fenomeno hori herri guztietan gertatu delako gutxi-asko.
Desio dugun hori 0tik hasita lortzea zaila bada, pentsatzekoa da are zailagoa izango dela eraikita dagoen herri bateko espazioak berrantolatzea. Ala? Nola planteatzen duzue prozesua?
Begirada zabaltzeko ariketa gisa. Etorkizuneko Mendaroko nolakoa izatea nahi dugun hausnartzeaz gain desio dugun hori lortzeko lehen pausoak ezartzea da prozesu honen helburua, herritarren parte hartzearekin. Aniztasuna, autonomia, eta eguneroko bizimodua edo zaintza erdigunean jarrita egingo dugu azterketa, eta herrian sumatzen ditugun gabeziez gain, dauden indarguneak eta aukerak ere jasoko ditugu. Aztertuko dugu zenbat gauzak duten eta izan dezaketen eragina hirigintzan, eta jabetuko gara gaur, askotan, norberari bakarrik eragiten diotela uste ditugun arazoak bihurtu ditzakegula arazo politiko; bihurtu behar ditugula. Hala, herriko espazio publiko garrantzitsuenak eta arazo larrienak identifikatuko ditugu eta zenbait jarduketa zehaztu, bai eta Mendaroko hiri-plangintzan nahiz hurrengo proiektuetan txertatzeko irizpideak proposatu ere.
Azalduko zeniguke adibide batekin?
Autoena da adibide argiena. Gaur egun, denok gaude autoa non aparkatu behar dugun pentsatzen; baita autorik ez dutenak ere. Japonian, aldiz, ezin da autorik erosi auto hori aparkatzeko lekua izango duzula ziurtatu ezean. Hemen, etxebizitzak eraikitzen direnean etxebizitza bakoitzeko auto t'erdirentzako lekua kalkulatu behar da. Eta arazo latza daukagu, jakina. Bartzelonan, hasita daude esaten etxebizitza bakoitzeko aparkatzeko ratioa 0,5era jaitsi behar dela; bi etxebizitzako plaza bat gorde behar dela alegia, ezin dugulako autoaren arabera erabaki dena. Egia da hiri bateko eta herri bateko funtzionamendua ezberdina dela, garraio publikoaren zerbitzua justukua denez, herri askotakoak autoa hartzera behartuta daudelako askotan lanera joateko. Ez gara jarri pentsatzen, baina, horrenbeste auto kalean izateak dakarren kaltean. Autoak, denborarik gehienean, geldirik daude, baina hala ere, baldintzatzen digute dena; ezin ditugu, adibidez, espaloiak zabaldu, aparkalekuak kentzea dakarrelako. Autoaren gaiak monopolizatzen ditu gaur egun eztabaida guztiak, baina gai izan beharko genuke une batez begirada zabaltzeko eta nola bizi nahiko genukeen hausnartzeko. Herri txiki batean bost minutu oinez egitea ezin da arazo izan. Fred Kent arkitektoak esaten du autoetan eta trafikoan pentsatuz gero, emaitza beti izango dela auto eta trafiko gehiago.
Zu zeu mendaroarra zara. Nola ikusten duzu herria?
Iruditzen zait Mendarok daukan neurrirako oso erraz ibili gaitezkeela oinez batetik bestera. Arazo bat badu: Garagartzara sartzeko sarbide bakarra duela eta trafiko handia pasatzen dela ikastola ondotik, baina aldi berean, ez zait iruditzen hain zaila inguru hori oinezkoentzako atseginagoa egitea, herrikoak direlako hortik pasatzen diren auto gehienak. Mendaron, gauza asko eraiki ziren oinezkoak ia inoren buruan ez zeuden garaian, baina Mendarok oso neurri polita dauka gauza asko konpondu ahal izateko. Kontrara, duen neurri txiki horregatik, zaila ikusten dut auzoak biziberritzea. Arazo hori dugula onartuta, oso interesgarria irizten diot, adibidez, Herriko Enparantza nolakoa nahiko genukeen eztabaida sortzeari.
Espazio publikoaz ari zaretenean kaleaz bakarrik ari zarete ala eraikin publikoen inguruan ere zabaldu nahi duzue gogoeta prozesua?
Bere horretan ez, baina interesatzen zaigu eraikin publikoen eta inguruaren arteko harremana.
Hiru aurkezpen bilera egin dituzue asteon, eta beste bi egitea daukazue aurreikusita, baina hilaren 14ko talde-bileran jarri nahi duzue arreta.
Aurkezpen saioak izan dira orain artekoak, baina bereziki hilaren 14rakora deitu nahi ditugu herritarrak, bai. Taldetxotan banatuta egingo dugu lan 14koan, eta guretzat garrantzitsua da ahalik eta jende gehienak parte hartzea, ahalik eta mapaketa aberatsena egiteko. Hasieran asmoa beste bat bazen ere, erabaki dugu proposamen zirriborro bat eramango dugula hilaren 14kora eta haren gainean jardungo garela hizketan, lanak aurreratzeko. Taldean erabakiko dugu zerekin gauden ados, zerekin ez, zer aldatuko genukeen eta ekarpen horiek denak jasoko ditugu, irailerako. Irailean, beste lanketa saio bat egingo dugu elkarrekin, jasotako guzti horren inguruan. Guk geuk begiz jota dauzkagu herriko gune batzuk: Herriko Enparantza, Ikastola ingurua, Azpilgoetan Trinosako etxeen ingurua eta Garagartzan San Agustin buelta, eta Aranerrekako pasealekua. Proiektu handiak dira, diru dezente eskatzen dutenak beharbada gauzatzeko, baina nora jo nahi dugun zehazten badugu, joango gara poliki-poliki horrako pausoak ematen. Helburua zehaztu eta hori lortzeko irizpideak markatu behar ditugu, etorriko diren proiektuetan txertatu ahal izateko.
Prozesu honetan, Mendaroko haur eta nerabeen beharrak jasotzeko saio berezi batzuk egitea ere aurreikusita dauka Oinherrik, herri hezitzaileak sustatzeko elkarteak. Zer dakizu horren inguruan?
Bai. Haur eta nerabeak ere herritarrak dira, pentsatzeko, adierazteko, sortzeko... egiteko modu propio bat dutenak, eta haien beharrak identifikatzeko behaketa-saio batzuk egitea aurreikusten du Oinherrik. Horretarako, Mendaroko haur eta nerabeen erreferente naturalekin elkarlana bilatuko dute lehenengo. Ondoren, ekaina-uztailean, behaketa saio bi egingo dituzte. Ekaineko egun batean Oinherriko kideek herriko plazan gertatzen dena behatuko dute, adierazle ezberdinetan oinarrituta: haurren adina, generoa, jolasa, haien arteko harremanak, espazioaren okupazioa... Uztailean egingo dute bigarren behaketa, baina behaketa horrek bestelako osagai batzuk izango ditu. Bestalde, herriko nerabeekin beste lanketa bat egitea ere aurreikusita dute, Gaztelekuko arratsalde batean. Iruditzen zait oso lanketa interesgarria dela eta aldi berean zaila, haurrei eta nerabeei ere kosta egiten zaielako amestea posible dela ez dakiten hori.
Aukerarik ikusten duzu zerbait aldatzeko?
Bai, amestuz gero. Herri naturalagoa, garbiagoa, lasaiagoa, isilagoa... egin daiteke. Kopenhagen, urtero, hiru aparkaleku kentzen ari dira hirigunean. Modu horretan egoteko lekuak irabazten ari dira. New Yorken eta Parisen ere izugarrizko marabillak ari dira egiten oso denbora gutxian. Parisen, Sena ondoan, lehen errepidea zena orain parke bat da. Bada, Parisen egin badaiteke, nola ezingo dugu egin ba hemen?