Euskal Telebista estreinatzear da "Go!azen" telesail arrakastatsuaren hamaikagarren denboraldia. Azaroaren 22tik aurrera ikusi ahalko dira atal berriak ETB1 katean nahiz eitb.eus atarian. Segidan, Makusi eta Nahieran plataformetan ere bai. Lehenago, ordea, "Altxor Ezkutua" izeneko atalaren aurrestreinaldiaz gozatzeko aukera izango da azaroaren 15ean Makusi plataforman eta baita Euskal Herriko hainbat herritan ere, tartean, Mendaron.
- Udaletxeko sarreran proiektatuko dute atal hori domekan, azaroaren 17ean, 17:00etan.
"Go!azen" telesailaren hamaikagarren denboraldia, "nobedadez beteta" dator. "Aurtengoan ere Basakabiko gaztetxoen abenturez gozatzeko aukera izango da, betiko osagaiak nahastuta: lagunen arteko harremanak, amodiozko istorioak, misterioak, umorea… eta, jakina, musika eta dantza ez dira faltako. Ez ahaztu, eginagatik distira, denak urre ez dira!", berri eman dute EITB-tik.
Bizitza Zukutu abestiaren bideoklipa:
UEMA eta ETBren arteko hitzarmena
UEMAko koordinatzaile Miren Segurolak azaldu duenez, "gabezia" batean du jatorria UEMAk eta EITBk sinatu duten hitzarmenak. "UEMAren helburuetako bat da gure herrietan euskarazko ikus-entzunezkoekin dagoen gabeziari aurre egiteko bidea urratzea. Lanketa horri erantzunez dator ETBrekin hitzarmena, haiek ere horretan ari baitira", azaldu du. Go!azen telesaila aurrez estreinatzea hitzarmenean jasotako "lehen eskaintza" izango da, baina ez bakarra, Irabazi arte telesailen atalak ere estreinatuko baitituzte herrietan.
Herrietako umeek eta gazteek telebista euskaraz ikusteko aukera izatea garrantzitsua dela esan du Segurolak, eta nabarmendu du "behar-beharrezkoa" dela eskaintza bermatzeko baliabideak jartzea: "Pantailetan ere euskarazko eskaintzea izatea behar-beharrezkoa da. Horrela, lagun artean euskaraz ikusi eta euskaraz gozatzeko aukera izango baitute gazteek".