Suharri kultur elkarteak eta Aranzadi Zientzia Elkarteak antolatu dute hitzaldia, Mendaroko Udalaren laguntzarekin, eta Javi Castro Aranzadi Zientzia Elkarteko Etnografia Saileko kideak emango du. Kimika Zientzietan lizentziatua da Castro eta 1983an hasi zen ikerketa-lanetan. Mutriku eta Debako alderdi etno-historikoei buruzko ikerketak egin izan ditu artzain-kortetan, baserrietan, bide zaharretan, ermitetan, errotetan, karobi-labeetan eta haizeoletan.
- Hitzaldia udaletxeko udalbatza-aretoan izango da, barikuan, hilak 8, 19:00etan. Gaztelaniaz emango du hitzaldia.
Erdi Arotik gaur arte
Elgoibarko hiribildua sortu baino urtebete lehenago hasten da antzinako komunal honen historia. Lastur haranaren eta Kilimon edo Aranerrekaren arteko goialdean kokatua dago eta hango larreak eta urak aziendentzat aprobetxa zitzaketen bizilagunek, erabilera komunekoa zelako.
Komunalak Kilimon haranaren iparraldea mugatzen zuen, Juan Lopez de Gamboa Olasoko jaunaren hegoaldea nagusi zen lursailekin. Lehenago, 1342. urte inguruan datatutako kontratu zahar baten arabera, bi alderdien artean akordio bat zuten, baina ez zen bete, eta gatazka handiak sortu ziren. Gatazka horien ondorioz, Ganboatarren aldekoak Deban sartu ziren gerra garaian, eta Irarrazabalgo burua eta beste bizilagun batzuk Olasoko dorrera eraman zituzten preso. Herri barruan artzain-kortak zeuden, eta etxalde bat ere aipatzen da bere etxearekin: Etxabe. Garai horretakoak dira, halaber, BederatziIturriko iturburuak, gaur egun Tantortakoa ere badena. 1472an konkordia berri bat idatzi zuten komunala aprobetxatzeko, eta probintziako Batzar Nagusiek parte hartu zuten horretan. Gorabehera historiko askoren ondorioz, herriaren zati handi bat besterenduz eta salduz joan zen, hedadura asko murriztuz eta baserri berriak sortuz. Beraz, orain hasieran zenaren % 7,5 baino ez da geratzen.