Herritar talde batek, In Leike kultur elkarteak eta Mendaroko Udalak elkarlanean antolatu dute Txirristaka Kantuz jaialdia, Eusebio Mugertza Txirristaka bertsolariaren jaiotzaren 150. urteurreko kultur-programaren baitan, eta Mutrikuko, Debako, Elgoibarko eta Mendaroko musika eskoletako 125 bat lagunek parte hartu dute jaialdian. Antonio Zabalak 1974an Auspoa bildumarako idatzi zuen Mendaro Txirristaka bertsolaria liburuko bertso-sortak kantatu dituzte. Kultur programa osatzeko antolatzaileek hasiera-hasieratik konplize izan duten Andoni Egaña bertsolariak 12 bertso-sorta eta beste horrenbeste doinu apartatu zituen Zabalaren liburutik eta sorta horientzako jantzi musikala sortu dute musika eskoletan, hiruna bertso-sorta hartuta bakoitzak.
Debarrek hasi dute jaialdia. Josu Salegiren zuzendaritzapean irten da jendaurrera Jazz konboa, eta Bertsolari onak ikusten ditut; Hamalau mila begira eta Hondarribia deritzan ziudadia kantuak interpretatu dituzte. Mutrikuko musikariak eta abesbatza izan dira jendaurrera irteten hurrengoak. Txistulariak, biolin-joleak eta akordeoi-joleak Alize Armaolea abeslari bakarlariarekin batera irten dira eta Komeni zaigu erdara bertso-sorta interpretatu dute. Ondoren, Madalen abesbatzakoek eta trikitilari taldekoek Atsoa eta agurea errietan sorta ekarri dute, eta azkenik folk taldekoek eta abesbatzakoek Joxepa Antoni, badezu garaia. Mutrikukoen atzetik Elgoibarko artistak batu dira oholtza inprobisatura. Elias Toledo eta Silvia Hernandezen zuzendaritzapean aritu dira Gaztenahia abesbatzakoak eta BetiSua txarangakoak, eta hauek ere hiru kantu eskaini dituzte: Inori gorrotorik izan gabekoa; Bestiengandik arrotzak eta Baratza on bat zen Euskal Herria.
Etxekoek itxi dute jaialdia, Ameikutz musika eskolakoek. Juan Arriola zuzendariaren zuzendaritzapean aritu dira hiru talde. Folk taldeak Ote, txilar, elorri interpretatu du, Abesbatzakoek eta txistulariek Burutik orporaino eta azkenik abesbatzak eta BiziPoza txarangak Batere sorgin beldurrik gabe. Bukaeran txalo zaparrada handi batekin hartu ditu publikoak artista guztiak eta antolatzaile lanetan jardun diren guztien izenean, Ainara Argoitia In Leike Kultur elkarteko kideak eskerrak eman dizkie jaialdira batu diren musikari guztiei, bai eta Goazen antzerki taldekoei eta Hamahiru Soinu taldekoei ere, soinu eta argiztapen lanengatik eta frontoia atontzen emandako laguntzagatik. Era berean, antolatzaile taldekoen izenean, Andoni Riaño musikari mendaroarrak oroigarri bana eman die gaur jaialdian parte hartu duten musika eskoletako ordezkariei, Josu Salegiri, Silvia Hernandezi, Juan Arriolari eta Mari Juli Iriondori.
Jaialdi amaieran gogoratu dute azaroaren 6an aurkeztuko dutela Txirristaka liburua, Andoni Egañak idatzi eta Ainara Azpiazu Axpik ilustratu duena, eta aurreratu dute abenduaren 15erako kantu bazkaria antolatu dutela.